Datorren larunbatean aurtengo lehenengo azoka berezia ospatuko dute Tolosan. Oraingo honetan zuhaitzak, zuhaixkak, bonsaiak eta landareak izango dira protagonistak, besteak beste, eta neguan gauden arren, udaberri giroa goiz osoan zehar somatuko dela diote antolatzaileek.Tolosako XVI. Zuhaitz Egun honetan inoiz baino haztegi gehiagok hartuko dute parte, eta «azokak duen oihartzun eta arrakastaren adierazle da hori». Azoka bisitatuko dutenen artean Euskal Herri osoko nekazariak izango dira; batzuk beteranoak dira, baina haztegietako asko estreinakoz etorriko dira Tolosako Zuhaitz Egunera.
Goizeko zortzietan hasi, eta eguerdiko ordu biak bitarte ikusgai izango dira mota guztietako landareak. Antolatzaileek aipamen berezia egin nahi izan diete larunbatero Atadi kalean euren produktuak saltzen aritzen diren mintegiei; eurak ere azoka berezi honetan parte hartuko dute.
Ekologia eta bonsaiak ere bai
Azken urteotako edizioetan bezalaxe, azken garaietako joerek beren txokoa izango dute Zuhaitz Egunean. Alde batetik, landare eta zuhaitz ekologikoen mintegi bat izango da, Zarauzko Blasenea haztegiaren eskutik, gero eta «garrantzia handiagoa» hartzen ari den elikadura ekologikoa azokan eskaintzeko. Bestalde, Japoniatik datorren bonsaien arteaz ere gozatu ahal izango dute bertaratuek. Zuhaitza eta landarea tamaina oso txikian hazten dira ekialdeko teknika honen bidez, eta modu desberdinak daude horretarako. Irun Bonsai lehenengoz izango da aurten Zuhaitz Eguneko azokan, eta euren produktuak erakusteaz gain, landareak hazteko teknika berezi hau gertutik ezaguzeko parada ere eskainiko dute irundarrek, honetarako ikastaroak antolatu ohi baitituzte.
Zuhaitz Eguna 2011 , parte-hartzaileak:
Agirretxe. Donostia.
Arakama anaiak. Zegama.
Aranburu. Aginaga.
Areitio. Zaldibar.
Belar. Zaldibar.
Blasenea. Zarautz.
Chavarri. Alfaro.
Dorronsoro. Ataun.
El montañes. Tafalla.
Guillen. Pueyo.
Magalarte. Zamudio.
Urkizu. Anoeta.
Urretabizkaia. Arama.
Victor Lasa. Albiztur.
Irun Bonsai. Irun.
Zubikoa. Bergara.
Elorri. Irun.
Txomin Bilbao. Kortezubi.