Valentziako La Serrada elkarteak antolatzen duen hezkuntza eta heziketaren inguruko 4. nazioarteko jardunaldien egoitzetako bat Tolosa izango da. Altzoan elkartearen ekimenez egingo dira jardunaldiak herrian, haur liburutegiaren laguntzarekin. Guztira bost saio izango dira eta ostiral honetan egingo da lehenengoa, haur liburutegian, hirugarren solairuan, 17:30etik 19:00etara.
Emanaldi bakoitzean bideo bat jarriko da eta bertan hizlari bat ariko da gai baten inguruan. Bideoa ikusi ondoren, gaiaren inguruko solasaldia izango da. Saio guztiak doan izango dira eta bideoko hitzaldiak gazteleraz daude. Ondorengo solasaldiaren hizkuntza bertara joaten den jendearen arabera izango da.
Ostiral honetako saioan Arantxa Irastorzaren Hurbilketa emozionala harreman psikomotrizitatetik hitzaldia ikusi ahalko da. Hurrengo ostiraletan ondorengo gaiak jorratuko dira: indarkeriaren sorrerak eta prebentzioa, aitaren rola, continuum-a errespetatzen duten hezkuntza sistemak, eta etsipen karakteriala.