Inauterien inguruko erakusketa zabaldu berri dute Aranburu jauregian. Atzo iluntzean inauguratu zuten eta martxoaren 20a bitarte egongo da zabalik asteartetik igandera 17:30etik 20:30era.
Erakusketa berezia da, herrikoia. Izan ere, herriko Nestor Ardanaz argazkilariak diseinatu eta zuzendu badu ere bertan dauden argazkiak tolosarrek utzitakoak dira. Guztira 2.000 argazki baino gehiago bildu ditu Ardanazek eta bertaratzen denak testigantza ugari ere jasoko ditu. Inauterietako mozorroetan erabilitako elementu osagarriak ere ikusi daitezke.
Aranburu jauregikoa ordea, 'Jeiki, jeiki'ren adarretako bat besterik ez da, izan ere erakusketa herriko 215 dendetako erakusleihoetara eta Topic-eko anbigu gunera ere zabaltzen da. Topic-en argazkiekin batera txotxongiloak eta panpinak ere ikusi ahal dira. Honekin guztiarekin batera, bi ikus-entzunezko ere prestatu dituzte: bi dimentsioetan egindako bideo bat, eta 70 tolosar baino gehiagori egindako elkarrizketak biltzen dituen lana.