Hatz-marka mahats bihurtuta

tolosa 2011ko urtarrilaren 19a

Inoizko ardo etiketa onenen erakusketarako aukeratu du San Frantziskoko MOMA museoak beraiek egindako lan bat. Mikel Aguado tolosarrak eta Mikel Uribetxeberria azpeitiarrak, Fammilia enpresaren sortzaileek, Bodegas Casa Primicia upategiaren Julian Madrid ardoarentzat sortutako etiketa da, hain justu, ohore hori jaso duena.

MOMAko ardo etiketen erakusketak 2011ko apirilaren 17ra iraungo du eta bertan mundu guztiko 200 diseinu ikusi daitezke. «Fammiliak Bodegas Casa Primicia etxearentzat egiten duen sormeneko eta komunikazioko zuzendaritza-lanak markari arrakasta lortzen eta hedatzen lagundu dio, bai nazio mailako merkatuan, bai nazioartekoan», azaldu du Aguadok.

Erakusketan egongo den etiketa sortzeak lan asko eman ziela azaltzen du tolosarrak. «Dozena erdi bat etiketa eginak genituen honetara iritsi aurretik, hori bai, behin hatz-markaren diseinua egin genuenean, garbi ikusi genuen, horixe zela bilatzen ari ginen etiketa», dio. «Egile-ardo batentzako egilearen beraren hatz-marka mahats ale bat izango balitz bezala jartzea, lana borobilduta gelditu zela iruditu zitzaigun».

Markaren eraikuntza

Fammilia Uribetxeberriak eta Aguadok osatutako sorkuntza eta arte zuzendaritzako taldea da. Zortzi urte baino gehiago hainbat komunikazio agentziatan talde sortzaile gisa lanean aritu ondoren 2007an Fammilia sortu zuten. «Marken sormenean, zuzendaritzan eta kudeaketan espezializatutako talde sortzailea» da, azaltzen du .

Garai batean sormen eta diseinu sari ugari jaso zituzten, baina Fammilia sortu zutenean utzi egin zioten sarietara lanak bidaltzeari. Hori bai, MOMAko erakusketarako hautatuak izateak «ilusio handia» egin die.

Fammilia hasi zutenetik «gure lanaren kalitatea da helburu bakarra, gure bezeroaren arazoa geurea egin eta ahal den irtenbiderik errentagarriena bilatzea, bai dirutan bai markaren irudian», azaltzen dute. «Gu ez gara publizistak. Fammiliaren zeregina marketan esanahiak sortzeko beharrezkoak diren tresnak egin eta diseinatzea da, baita sortutako balioak publikoarengana igortzea ere», dio Aguadok.

Publizistarena eta beraien lana oso desberdinak direla azaltzen dute. «Publizista bat, izenak berak dioen bezala iragarkietara mugatzen da, hau da, marka batek bere publikoari mezu bat igorri nahi dionean plubizistari deitzen dio eta honek sormenaren bidez modu desberdin batean mezua kaleratzen du. Mezu hau batzuetan markari buruz izan daiteke, beste batzuetan produktu baten abantailei buruz edota promozio berezi bateri buruz...», esaten du tolosarrak.

Beraien lana markaren eraikuntzan dagoela azaltzen dute. Marka deitzen diote zerbaiten (pertsona, enpresa, elkarte, instituzio...) inguruan sortzen diren esanahi eta balioen multzoari. «Guzti honek definitzen du markaren ospea», gaineratzen dute Fammiliakoek.

«Guregana jotzen duten markentzat beren filosofia eta helburu estrategikoekin bat datorren nortasun bat eraikitzea da gure lana. Horrela bere publikoarekin lotura sinesgarri eta iraunkor bat lortzeko», azaltzen dute.

Horretarako, lehenengo norberaren filosofia sortu edo ezagutu behar da, gero filosofia horrentzako egokia den nortasun erakusgarria sortu, irudi korporatiboa eta mintzaira estiloaren bidez. Hori guztia prest dagoenean markaren komunikazioa dator. «Une horretan sartzen da publizistaren lana», zehazten dute.

Fammilia enpresan bi kide dira. Gero lan-taldeak sortzen dituzte proiektu bakoitzerako, «proiektu bakoitzak bere berezitasunak baititu», dio Aguadok. «Ez da berdina telebista kate baten irudia sortzea edo musika eta artea lotzen dituen ekitaldi bat egitea. Gu biok estrategia eta estrategia horren irudikatzea zuzenean lantzen ditugu bezeroarekin. Guztia plazaratzeko orduan sortzen da lan-taldea».

Aguado eta Uribetxeberriaren bezero asko ezagunak dira: Greenpeace, EITB, La Sexta TV, Kutxa, Euskaltel, EHU... Bezero horiek «inplikazio eta lan sakon batekin» lortzen direla esaten du Aguadok. «Gure sekretua bezeroekin familia antzeko talde bat sortzea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!