Infozazpi irratiaren festa ospatuko dute bihar Trianguloa plazan

tolosa 2011ko urtarrilaren 14a

Infozazpi irratiak bost urte beteko ditu hilaren 27an. «Tolosaldeko herritarrek egindako lanari esker», Infozazpi entzungai da eskualdean, FM 97.7an. Guzti hau ospatzeko, bihar, hilak 15, goiz pasa antolatu dute Tolosako Trianguloa plazan.

Egitarau oparo baten baitan, 11:00etatik 13:00etara, irratsaioa zuzenean egingo dute Trianguloatik, eskualdeko hainbat pertsonairen parte hartzearekin.

10:30etik aurrerako jaia

Tolosako dultzaineroak kalera 10:30ean irtengo dira larunbatean, ospakizunei hasiera emateko. Hala eta guztiz ere, eguzkia atera aurretik, Euskal Txerriaren inguruko erakusketa prestatzen hasiko dira abeltzainak. Trianguloa plazan goizean goiz txerria erreko dute, ondoren pintxoak banatzeko.

Zuzeneko irratsaioa 11:00etan hasiko da. Bertan, besteak beste,  LABeko Mari Mujika; Etxerateko Pepi Gorostidi; Asier Izagirre mendizalea; Amaia Doyague arraunlaria eta Adunako eta Anoetako alkateak egongo dira, azken hauek AHTaren inguruan ariko dira hizketan.

Infozazpi irratiaren aldeko jaia, 13:00ak inguruan amaituko da.

‘Geroz eta gehiago’

Eider Elduaien tolosarra Infozazpiko esataria da. Unai Iraola alegiarra aldiz, irratiaren alde lanean ari den herritarra. Biek eskualde guztia gonbidatu dute Tolosako Trianguloa plazara.

Elduainen esanetan, «Infozazpi irratia oraindik jende askok ez daki existitzen denik ere». Ondorioz, «larunbateko ospakizunaren helburuetako bat hori izango da; jada eskualdean irratia entzuteko aukera badela zabaltzea». Aurrera begira, «seinalea Euskal Herrian ahalik eta toki gehienetara zabaldu nahi da, bai internet bidez eta baita uhinen bidez ere» dio esatari tolosarrak.

Unai Iraolak bere aldetik, argi dauka irratiaren aldeko herri ekimen lana zein den: «Eurek nahikoa lan dutenez irratsaioekin, eskualdez eskualde irratiaren berri zabaltzeko lan hori herri ekimenen bidez egitea egokia zela ikusi zen. Horrez gain, uhinen bidez Tolosaldean orain hasi da emititzen Infozazpi. Batez ere antena berria jarri delako izan da hori. Antena horrek sortzen dituen mantenu lanak eta hauen kostuak oztopo izan ez daitezen ari gara lanean».

Irrati honek zein berezitasun duen galdetu ostean, aniztasunaren beharra aipatu dute: «Nolabait Infozazpi kolore pixka bat ematera datorrela iruditzen zaigu».

«Azkenean, euskal jendartea anitza da, eta komunikabideak ere horrelaxe izan beharko lukete. Baina gaur egun, izugarrizko hutsunea dagoela ikusten da, aniztasun hori ez da islatzen bertako komunikabideetan. Gure ustez, hutsune horri ekarpen bat egin diezaiokegu. Are gehiago, Euskal Herrian bizi diren aldaketa garai hauetan. Infozazpi bezalako ahots batek bere indarra eta bere ekarpena izan behar duela uste dugu».

Bide horretan, urratsez urrats handituz eta zabalduz joan nahi dute. Horregatik jarrio diote biharko ospakizunari Geroz eta gehiago goiburua.

Baina nola sustengatzen da proiektu hau? Edo beste era batera esanda: Nola lagun daiteke Infozazpi? «Ezinbestekoa da bazkide kopurua handitzea. Gaur egun, 1900 herritarrek osatzen dute sare hori, hilean 7 euro ordainduz. Hori da irratiaren oinarri ekonomikoa, oinarri herritarra. Bazkide egiteko berriz, bi aukera daude: Bata, info7.com helbidean eta bestea, harpidedun fitxa betez. Horretarako aukera Tolosan bihar egongo da, banatuko diren esku orriak betez».

Egitaraua

10:30ean. Tolosako dultzaineroek, eskualdeko bertsolariek eta musika jartzaileek girotuko dute goiza.

Goizean. Euskal Txerri arrazaren erakusketa eta dastatzea. Goizaldean, txerria erreko dute Trianguloa plazan, ondoren pintxoak banatzeko. Horrez gain, Euskal Txerriaren erakusketa izango da: zerrama bere txerrikumeekin. Euskal Txerriaren urdaiazikoa ere zozketatuko da gerturatzen direnen artean.

11:00etan. Infozazpiren zuzeneko irratsaioa Trianguloa plazatik. 13:00ak bitarte, eskualdeko hainbat eragile eta norbanako elkarrizketatuko dituzte bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!