Bost urte beteko dira Usabal kiroldegia zabaldu zenez geroztik, eta horren harira hainbat ekintza antolatuko dituzte. Besteak beste, kiroldegiko ordutegiaren zabaltzea izango da aurtengo berrikuntzetako bat. «Partaidetzan eta bazkideetan oinarrituriko erabakia» izan da, igande arratsaldetan Usabal irekita egon dadin hainbat eskaera jaso baitituzte azken hilabeteotan.
Jokin Bildarratz alkateak jakinarazi duenez, behin-behineko esperientzia moduan proposatu dute ordutegi-aldaketa hau, eta hilaren 16an hasita Aste Santua bitartean iraungo du. Denbora tarte honen ondoren, erabiltzaileen erantzuna ebaluatuko dute.
Ordutegiari dagokionez, 09:00etatik 20:00etara bitartean zabalik izango da Usabal igandetan, eta sartzeko moduak orain artekoak izango dira.
Aisialdi-eredu berriak
«Jendearen beharrak desberdinak dira eta behar horiei erantzuteko sortu da planteamendu berri hau», dio Bildarratzek. Beraz, berrikuntza hau, batez ere astean zehar Usabalera joateko zailtasunak dituztenenei, familiei eta gazteenei zuzenduta burutu dute. Garaiekin batera aisialdi-ereduak ere aldatuz doaz, eta «gero eta gehiago dira aisialdia modu osasuntsuan bete nahi dutenak».
Ekimen berri honetan kiroldegiko jatetxearen laguntza ere izango dute, batez ere familiei begirako aisialdi ekintzetan. Modu honetara, eguna Usabalen pasatzeko aukera berriak sortuko direla dio Oscar Renedo zinegotziak.
Arduradunek, bestalde, jakinarazi nahi izan dute ordutegi berria esamesez, posta elektronikoz edo eskutitzez helaraziko zaiela bazkideei. Gainera, bazkideen helbide elektronikoak zein telefonoak biltzeko kanpaina martxan jarri dute, hemendik aurrerako berriak bide horietatik zabaltzeko.