Laskorain ikastolak, hamabosgarren urtez, Merkatu Txikia antolatu zuen Gabonetan Tolosako kultur etxean. Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitarte, 19.000 euro bildu zituzten, nahiz eta hori ez izan «helburu nagusia».
Bildutako dirua Emaus Fundazioaren, Ibarratik misio taldearen eta Tolosaldea Sahararekin taldearen esku geratu da.
Laskorainen eskertza
Laskorain ikastolak antolatu eta, Ibarrako misio taldea, Tolosaldea Sahararekin elkartea eta Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuaren laguntzarekin burutu da Gabonetako Merkatu Txikia.
Balantzea egiterakoan, «aurten ere erantzun bikaina jaso» dutela nabarmendu dute ikastolakoek: «Bertan salgai egon diren jantziak, jostailuak, tresnak e.a. ikastolako guraso, dendari eta gainerako herritarren eskuzabaltasunari esker izan dira eta urtez urte ekimen honek jasotzen duen erantzuna azpimarragarria iruditzen zaigu».
Beraz, «esker ona» elarazi die modu batean zein bestean ekimen honetan parte hartu duten guztiei.
Horrekin batera, Laskorain ikastolakoek azaldu dutenez, «benetan pozgarria da Emaus Fundazioak, bazterketaren aurka burutzen duen proiektua, eta Tolosaldea Sahararekin eta Ibarratik misio taldeek dituzten asmoak ezagutzeko eta zabaltzeko antolaturiko ekintzetan jaso dugun atxikimendua eta erantzun ona». Izan ere, «honi esker ehunka gaztek, gurasok, familiak eta herritarrek, azken urte hauetan, ezagutu ahal izan dugu hainbat jendek bizi duen gizarte bazterketa, bai urrutian eta baita gugandik gertu ere».
Merkatu Txikia bezalako ekimenekin berriz, ziur daude ikastolakoak «gizarte solidarioagoaren alde» ari direla, eta ondorioz, jarraipena izan dezan merezi duela. Kanpaina amaitu da, baina egitekoak egunerokotasunean hor dirautela gogorarazi dute Laskorain ikastolatik.
Merkatu Txikiaren datuak
Dendariak. Guztira 152k hartu dute parte.
Arduradunak. Hamalau egunetan 98 guraso, irakasle eta ikasle ohi egon dira.
Laguntzaileak. 182 ikasle, DBH 3-4 eta Batxilergo 1-2 mailakoak.
Ekonomia. Helburu nagusia ez bazen ere, «oso erantzun ona» izan du: 19.000 euro.
Iaz. %6 gutxiago, beraz, aurten diru gehiago bildu da.
Norentzat? Diru guztia eta saldu gabe gelditu den materiala, Emaus Fundazioaren, Ibarratik misio taldearen eta Tolosaldea Sahararekin taldearen esku geratuko da, «hauek baztertuekin orain arteko lana eginez jarrai dezaten».
«Eskola bat eraikitzeko dirua bildu nahi genuen»
Gabonetako Merkatu Txikiarekin batera, kasu honetan Sahara ardatz hartuta, Angel Cuerdok argazki erakusketa jarri zuen elkartasun ekimen handi horren osagarri gisa.
Bidaiari tolosarrak bi helburu zituen buruan: kontzientziazioa eta laguntza ekonomikoa. Azken honi dagokionez, jasotako dirua bihar banatuko dute Laskorain ikastolako liburutegian 19:00etan.
Gustura geldi al zara argazki erakusketak izan duen erantzunarekin?
Alde batetik, mezua zabaltzeko helburuari begiratuta, hurbildu den jendeari gustatu zaiola iruditzen zait. Bertan jendearekin egoteko aukera izan dut eta oso modu positiboan baloratu dute; Sahararen inguruan gehiago jakin ahal izateko, erakusketa erabilgarria izan dela uste dut.
Zein da zabaldu nahi izan duzun mezua?
Nire argazki erakusketarekin batera, Tolosaldea Sahararekin elkarteko panelak egon dira. Bi erakusketa hauekin elkarteak dituen proiektuak zabaltzen saiatu gara.
Ekimen honen bigarren helburua, ekonomikoa zen. Arlo horretan nola moldatu zarete?
Tolosaldea Sahararekin elkarteak dituen proiektuen artean, Sahara hegoaldea eta Mauritaniaren arteko mugan eskola bat eraikitzea dago. Bide desberdinak erabilita, elkartea dirua biltzen ari da. Argazki batzuk saldu dira erakusketaren bidez, baina salmenta ez da izan nahi bezain oparoa. Hala eta guztiz ere, diru bat lortu da eta horretan lagundu dutenei esker ona azaldu behar zaie. Aurrerantzean ere saiatuko gara beste bide batzuen bidez dirua biltzen, eskola hori eraikitzeko.
Zure bidaien inguruko erakusketak egina zara, aurrez ere. Baina, zure argazkiak saltzen jarri dituzun lehen aldia al da?
Urteak daramatzat erakusketak jarriz Euskal Herriko toki desberdinetan, baina nolabait, erakusketa hauek beti Kutxak babestuak izaten ziren. Ondorioz, inoiz ez nuen eduki argazki hauek saltzeko ez nahirik ezta helbururik ere. Orain dela hilabete batzuk ordea, Saharako gatazka berriro ere nahasten hasi zen eta pausotxo bat aurrera emateko aukera banuela bururatu zitzaidan. Kasu honetan, argazki erakusketa jarriz eta argazkiak salduz. Lehen esan bezala, Saharako proiektu horri laguntzeko eta pauso txiki bat ematekoa egoera horren amaieraren alde.