Atila y los Unos taldeak zuzenekoa eskainiko du ostiralean Fronton kafetegian

Iñigo Terradillos 2011ko urtarrilaren 11

Iragan abenduan ikusi zuen argia Atila y los Unos talde tolosarraren zuzeneko DVDak. Zuretzat guretzat... Javi izenarekin bataiatu duten lanean, musikari tolosarren taularatzea ez ezik, taldearen argazkiak eta bitxikeria ugari kontatzen dituen ikus-entzunezkoa bildu dute. Lan berri hau aurkezteko eginiko festarekin batera, zuzenekoak ere aurreikusi dituzte. Lehenengoa etzi izango da, Fronton kafetegian, 22:30etik aurrera.

Omenaldi izaera

Atila y los Unos taldearen 25. urteurrenaren harira erabaki zuten DVDa grabatzea, ospakizun moduan. Izan ere, urte hauetan guztietan, plaza gaztetxe eta taberna ugaritan jo dute, baina ez dira inoiz grabaketa estudio batean sartu. «Zuzenekoak izan dira beti gure xarma, baina gure ekarpena nolabait islaturik geratzea nahi genuen, eta horretarako kontzertu bat grabatu eta horrekin DVDa egitea erabaki genuen», azaltzen dute.

Horretarako, 2009. urtean eskaini zuten kontzertua baliatu zuten. Bada, Bonberenean, eta Atilak (Jesus Prados) 60 urte betetzen zituen egunean ematea kontzertua erabaki zuten.

Ospakizun eguna izan behar zuenak omenaldi kutsua hartu zuen, Javi Otxoa taldeko bateri-jolea hil baitzen. «Berak nahiko zuen moduan egin genuen, 17 lagunek hartu zutelarik bere lekua baxua jotzen; horrez gain, lagun askok eta familiako kideek lagundu dute, eta guztiei eskerrak eman beharrean gaude, baita Bonbereneari ere».

Bat-batekotasunarekin segiz

Lagunartean elkartu eta musika egiteko helburuarekin sortu zen taldea, eta oraindik ere, lagun talde bezala definitzen dute euren burua. Euren izaera ere mantendu da: «Zuzenekoekin, bat-batekotasunarekin eta jarraitzaileekiko komunikazioarekin gozatzen jarraitzen dugu», diote.

Horren erakusle dira hil honetan bertan emango dituzten kontzertuak. Lehena etzi izango da, Fronton kafetegian. Bigarrena, Otsabin, hileko azken astean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!