Napoleon Bonaparteren irudia aztertzen du Aranburu jauregian ikusgai dagoen Basatiaren beste aurpegia. Napoleonen garaiko propaganda eta kontrapropaganda erakusketak. Garai jakin bateko gertakizunak aztertzen ari direnean historialariek egia aurkitzeko zailtasunak izan ohi dituzte. Napoleon bezalako pertsonaiekin gertatu ohi zaie hori. Pisu handiko pertsonaia izaki, iritzi eta irudi kontrajarri ugari daude beraren inguruan.
Horixe da, hain zuzen ere, erakusketa honen helburua, Napoleonen alderdi anitzak jasotzea, berari buruzko ikuskerak bilduz eta mitoa eragin zuten bitartekoak erakutsiz.
Bere garaian kokatuz
Bada, Napoleon Bonaparte, bere garaiko testuingurua eta erakusketa bera egokiago ezagutu eta ulertzeko, bisita antzeztua ere antolatu dute Turismo sailetik. Erakusketaren azken egunean, hau da, urtarrilaren 8an izango da, 17:30ean. Aranburu jauregian hasiko da ibilbidea, eta Napoleonen dramaren eszenatoki garrantzitsuenetarikoa izan zen San Frantzisko pasealekuraino joango dira. Carlos Rilova historialariak denboran atzera egitera gonbidatuko ditu bisita berezi honetan parte hartuko dutenak. Izan ere azalpenak emateaz gain, garai hura irudikatuko du, ohiko jantziak soinean dituela.
Bisita Aranburu jauregian bukatuko da, Napoleoni buruzko erakusketarekin. Ekintza hau «erakusketa dinamizatzeko eta Tolosaren historian nahiko ezezaguna den pasarte hau ezagutarazteko» antolatu dute. Doan izango da, eta nahi duen herritar orok hartu ahalko du parte.