Artista txikiak sortzen

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 29a

Beste jai egunetan egin izan duten bezala, Eguberri hauetan ere tailer berezia prestatu dute Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan. Bertan, txotxongiloak egiten ikasiko dute, eta ondoren, horiekin telebistarako saio bat osatuko dute.

Astelehenean hasi ziren tailerrarekin, eta bihar izango dute azken eguna. Sei urtetik gorako 16 neska-mutil izan dira goizero hiru orduz, lau egunetan zehar. Ikastaroan zehar ikasi dutena azken saioan erakutsi beharko dute, prestatutako ikuskizuna guztien aurrean antzeztuz.

Hasi, baina, txotxongiloak egiten hasi ziren. Eskuzko oinarrizko txotxongilo bana egin dute. Galtzerdiekin eraiki dituzte, begiak, ahoa eta ilea jarriz bakoitzak nahi duen erara. Behin pertsonaia osatuta, telebistarako albiste saioa edota erreportajea prestatzeari ekin diote. Gidoia pentsatu eta landu beharra izan dute horretarako.

Telebistako saioak eredu

Gustuko dituzten telebista saioak hartu dituzte eredu, hala nola, Barrio Sesamo edota Los Lunnis. Bada, txotxongiloa prestatuta, eta gidoia eginda, antzeztea ere ikasi behar izan dute. Agian, puntu hori izan da askorentzat gogorrena, jendaurrean lotsak galtzea ez baitzaie erraza egiten askori. Hori gaindituta, baina, euren kabuz, hasieratik bukaeraraino, telebista saio polit bat egiteko gai direla ikusi dute.

Aisia era desberdin batean igarotzeko modua eman die gaztetxo hauei txotxongilo tailerrak. Jolas egin, ikasi, irudimena landu, jendaurrean antzezteko lotsa galdu, ederki igaro edota lagun berriak eginez, gainera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!