Omenaldi hunkigarria egin diote Xabi Alonsori

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 26a

http://www.youtube.com/watch?v=qjDg4kXDZeA

Hitzordu berezia zuen gaur goizean Xabi Alonso futbolari tolosarrak, bere jaioterriaren omenaldia, hain zuzen ere. Herriko hainbat futbolari gaztek arkua eginez sartu da Alonso udaletxera. Omenaldiaren lehen zatia hartu du batzar aretoak. Han bildu dira bere futbol ibilbidean bidelagun izan dituen pertsonaia ugari, entrenatzaileak, presidenteak edota jokalariak, besteak beste. Bere senitartekoak eta lagunak eta une hori galdu nahi izan ez duten zaleak ere gerturatu dira bertara.

Bere gertukoek Xabi Alonsoren inguruan hitz egiten duten bideoa ikusi dute lehendabizi. Bertan, Periko eta Mikel aitak eta anaiak, eta familiako beste kideek eta lagunek edota bere taldekide eta entrenatzaile izandakoek txikia zenetik Real Madrileko jokalari izatera iritsi arte bere bizitzaz errepasua egin dute. Une hunkigarriak eta umoretsuak izan ditu bideoak, eta Alonsok berak asko eskertu du, "gertuko jendeak nitaz horrela hitz egitea polita baita".

Jokin Bildarratz Tolosako alkateak herriko ohorezko makila eta domina oparitu dizkio, eta ondoren Samaniegoko ikasleek bertsoak kantatu dizkiote. Batzar aretoan argazkiak ateratzeaz bukatuta, udaletxearen kanpoaldean zain zeuden zaleek jarraitu dute, guztiek nahi baitzuten futbolariarekin argazkia egin.

Usabal kiroldegian jarraitu du omenaldiak. Gazte ugarirekin argazkiak egin ditu Xabi Alonsok. Ondoren, berari oparitu diote argazki bat. Shanti Txapelketan atera zeneko taldearena, hain zuzen. Gainera, taldekide izan zituen haiek berarengana gerturatu dira. Iñaki Arratibel Tolosa CFko lehendakariak argazki hura eta taldeko elastikoa oparitu dizkio.

Shanti txapelketako parte-hartzaile guztien artean Realak eta Real Madrilek jokatuko duten partidarako sarrerak zozketatu dituzte. Alonso bera izan da txartela atera duena, eta irabazlea Asteasuko taldea izan da. Aurreskua dantzatu ostean, ohorezko sakea egin du tolosarrak, eta horrela eman diote hasiera aurtengo Shanti Txapelketari.

Xabi Alonso "hunkiturik" azaldu da egin dioten omenaldiarekin. "Esperotakoa baino handiagoa eta politagoa" izan dela adierazi du ekitaldia amaitzean. Era berean, eskerrak eman dizkie, bai Udalari, familiari, lagunei eta omenaldia prestatu duten guztiei.  "Etxera etorri eta familia eta hainbeste lagun topatzea oso polita da, oso egun berezia da gaurkoa niretzat".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!