Juan Mari Ansak idatzi eta Aralarko Adiskideak elkarteak argitaratu duen Aralarko Malloak ibilbideak, istorioak eta kondairak liburua kalean da. Ansak urteak egin ditu Aralarko mendigune hartako ibilbideak, txokorik gordeenak eta istoriorik harrigarrienak biltzen, eta emaitza bihar erakutsiko duten lana da. Batetik, liburuan irudiekin eta beharrezko datuekin azaldutako ibilbideak eta istorioak kontatzen dira, eta bestetik, CDa ere ekartzen du, ibilbide guztien datuekin. Bada, bihar aurkeztuko dute liburua, Topic-en, 19:30ean.
Nondik sortu zen lan hau egiteko ideia?
Aralarko Adiskideak elkarteak Aralarren inguruan artikuluren bat idazteko proposatu zidan duela 7 urte. Izan ere, urte horretan 75 urte betetzen zituen elkarteak, eta horregatik zerbait berezia prestatzea nahi zuten. Hori egiten hasi nintzen, eta pixkanaka informazio ugari biltzen hasi ginen. Azkenean, urteurren horretarako erreportaje bat egin ordez, liburu bat prestatzea erabaki genuen. Eta horretan aritu naiz azken urteetan.
Nola osatu duzu lana?
Hasieran Aralarko Malloen inguruan ibilbideak egitea zen ideia. 17 ibilbide sartu ditugu, Araizko bailaratik Malloetako gailurretara iristen diren bideekin. Ibilbideak sartzeaz gain, testuingurua sartzea ere interesgarria iruditu zitzaigun. Bertako jendearekin hitz egin dugu informazioa biltzeko, eta jaso dugun hori oso polita eta garrantzitsua iruditu zaigunez, osagarri moduan txertatzean erabaki genuen.
Zer azpimarratuko zenuke lan honetatik?
Bigarren zatian agertzen den informaziotik, belar kableena nabarmenduko nuke. Garai batean, Malloetan mozten zuten belarra baserrietaraino jaisteko, kableak erabiltzen zituzten. 50 belar kable inguru egon ziren 1920tik 1967ra bitarte.
Bertako pertsonaiez ere hitz egiten duzu.
Bai. Pertsonaia oso bereziak zeuden, nahiz eta oso ezagunak ez izan. Gaintzako eta Errazkingo ahuntzariak edota Juanagorritarrak, esaterako.