‘Orain legalizazioa’ lortzeko herritarrak kalera deitu dituzte

Ataria 2010eko abenduaren 16a

Ezker Abertzalea kalera irtengo da hilaren 18an, etzi. Eskualdeko hainbat herritan ekimenak antolatu ditu eta «demokrata oro» gonbidatu du bertara.

Herri batzuetan, Tolosan adibidez, elkarretaratzea egingo dute eta besteetan, Anoetaren kasu, argazki herrikoia aterako dute.

Marka politiko berria

Tolosan Ezker Abertzaleko hainbat kidek prentsaurrekoa eskaini zuten herenegun, larunbateko ekitaldietan herritar ororen parte hartzea beharrezkoa dela azaltzeko: «Euskal Herrian egon daitezken sentsibilitate ezkertiar eta abertzaleak elkarlanean aritzeko garaia heldu da. Soilik modu honetan artikula daitezke gehiengo nagusiak espainiar indar politikoen estrategia suntsigarriari stop esateko».

Azken urte hauetan martxan jarri dituzten ekimenak «aurrerapauso garrantzitsuak» izan direla esan zuen Antton Izagirre Tolosako hautetsi independentistak: «Altsasuko eta Iruñeko adierazpenak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko ekimenak, Gernikako akordioa, presoen aldeko ekimenak...».

Baina «egindako apustua bide onetik joan dadin», Ezker Abertzalearen ustez, «tresna eraginkorrak» behar dira.

Hemen kokatzen dute, besteak beste, marka politiko berria: «Ezinbestekoa da legezko indarra eta jardun eskubide guztien jabe izatea. Horretarako hartu dugu legeztatzeko erabakia eta konpromisoa. Helburu horrekin, egun gutxi barru marka politiko berri bati emango diogu babesa eta ongi etorria. Beharrezkoa dugulako bakearen alde eta aldaketa politiko eta sozialen alde jarduteko tresna indartsu eta eraginkorra. Beharrezkoa dugulako epe motz, ertain eta luzera eskuartean ditugun ekimenak bideratzeko eta gainerantzeko indar politikoekin batera baldintza berdinean jarduteko eta hauteskundetan lehiatzeko».

Ezker Abertzalearen barne eztabaidaren ondorio gisa aurkeztu zuten estrategia politiko hau, eta bere funtsa, ondorengoa dela berretsi zuten: «Indar abertzaleak eta ezkertiarrak Euskal Herriaren independentziaren aldeko lan eta ildo politiko amankomunean bat egitea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!