Elkartasuna eta kirola bat eginik Urtezaharrean

tolosa 2010eko abenduaren 14a

Korri egitea gustuko duten guztiek hitzordua dute beste behin ere, urteko azken egunean.  Samaniego-Orixe ikastetxeak antolatuta XIII. Elkartasun krosa jokatuko da hirigunean.

Elkartasuna ardatz duen lasterketa herenegun aurkeztu zuten ikastetxe publikoko eta Udaleko ordezkariek. Oskar Renedo, Kirol zinegotziak «antolatzaileei eta parte-hartzaileei eskerrak eman» nahi izan zizkien, ekimen hau aurrera eramaten laguntzeagatik, baita adierazi ere, Udalak «beti lagundu eta babestuko duela horrelako ekimen bat».

Egonkortasuna lortu duen krosa

Samaniego-Orixek antolatutako lasterketa honen hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa. Beraz, antolatzaileen esanetan, «jada egonkortua dagoen proba da».

Aurreko urteetako bideari jarraituz, ez da aldaketarik egongo. Lasterketa 15:30ean hasiko da eta benjamin, alebin, infantil eta helduen taldeetan banatuko dira parte-hartzaileak. Txikienak, 15:30ean abiatu dira Zerkausitik, eta hurrengo mailatakoak, ordu erdiro.

Krosean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik Aralar Kirolak dendan eman dezakete izena, edo egunean bertan, Zerkausian, proba hasi baino ordu erdi bat lehenago.

Lortutako dirua Colonbiara bidaliko da aurten ere

Urtero bezala Elkartasun krosean biltzen duten dirua Guabas errekaren inguruan (Kolonbia) bizi den komunitateko Mando liburuzaina proiektuaren jarraipena egiteko erabiliko dute. Duela lau urte abiatu zuten ekimena Samaniego ikastetxekoek, eta orain hura elikatzen jarraitu behar dutela diote. Mandoa jada lanean dabil, herriz herri liburuak, aldizkariak, egunkariak... banatzen.

Bi sari berezi

Parte-hartzaileen artean hainbat opari  zozketatuko dituzte lasterketa amaitu eta gero. Baina honez gain, bi tolosar sarituko ere dituzte antolatzaileek, kirol arloan egindako lan eta ekarpenengatik. Lehendabiziko oroigarria Nerea Otaegi gimnasta gaztearentzat izango da eta bigarrena, Kepa Caballero patinatzailearentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!