Alurren berrienak txalo zaparrada jaso du

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 11

Atzo estreinatu zen Leidor aretoan Ibarrako Alurr dantza taldearen lan berria, Oinazez. Pertsona baten barne borroka islatu zuen lanak, aurrera egin nahi eta ezin duenarena. Dena dela, oinazearen gainetik, borroka horiek gainditzea lortzen du, neurri batean bada ere. Hori adierazteko, euskal dantza tradizionalak erabili dituzte, baina garaikiderantz joz, aurrekoetan baino gehiago gainera. Guztia zuzeneko musikaz lagundurik.

Aiert Beobide da ikuskizunaren zuzendaria eta koreografoa, eta berarekin batera, Katixa Agirre aritu da prestatzen. Iñar Sastre, Leire Zumeta, Eguzki Errondosoro, Iraitz Zabaleta, Carmiña Dovales, Leire Telletxea eta Jagoba Astiazaranek egin dute musika eta Ramon Garciak eta taldeko kideek egin dituzte jantziak.

Beterik zegoen Leidor aretoan harrera oso ona izan zuen lanaren estreinaldiak. Horren adierazle, dantzariek etengabe jaso zituzten txalo zaparradak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!