Mendebaldeko Saharako Aaiun hiriburuaren kanpoaldean milaka sahararrek eraiki zuten Agdaim Izik aldarrikapen kanpalekuan Marokok sarraskia eragin zuen duela hilabete. Bada, eraso horiek gaitzetsi eta salatzeko eta argi daitezela eskatzeko helburuz, Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta itxialdia egin dute hainbat herritarrek bart gauean Tolosako udaletxean.
Giza Eskubideen eguna baliatu dute protesta ekintza hori burutzeko. Atzo gauean, 20:00ak inguruan sartu ziren barrura 20 herritar inguru. Bertan igaro dute gaua, eta Mendebaldeko Sahararen egoeraz mintzatzeko baliatu dute unea. Protesta ekintzekin jarraituz, eguerdian, 12:00etan, Plaza Zaharretik manifestazioa irten da, Maroko Saharatik at lelopean.