«Arrakastatsua». Horrela definitu dute aurtengo Txuletaren Festa antolatzaileek. Eta emaitzak ikusita ezin besterik aipatu, izan ere, irekita egon den egun guztietan jendez beterik egon da. Aurtengoak itxi ditu ateak, baina ez dago zalantzarik datorren urtean ere hutsik egin gabe bertan izango dela, bost urte eta gero, «erabat egonkortu» baita ekimen hau.
Atzo eskaini zuten azken bazkaria, eta aurretik, beste bi bazkari eta bi afari eman dituzte iragan larunbatetik. Bost egunetan beterik egon da Zerkausiko jatetxea, egun bakoitzean 170 lagun inguru bildu direlarik. Idi txuleta osagai nagusia zuen menua dastatzeko aukera izan dute Tolosa Gourmet-en ekimen honetan parte hartu dutenek.
Gehienak eskualdekoak
Bazkaltiar eta afaltiar hauetatik gehienak eskualdekoak izan dira. Ondoren Gipuzkoatik etorritakoak leudeke, eta ondoren, Espainiatik etorriak. Astelehenean nabaritu zen, batez ere, azken hauen presentzia, Espainiako leku askotatik etorritako 79 lagun eseri baitziren Zerkausiko mahaietan txuleta probatzera.
Turismo bulegotik, gainera, baikorki baloratu dute Txuletaren Festa, «bertara bazkaltzera edota afaltzera etortzeaz gain, atzerritar gehienek Tolosa nahiz eskualdea ezagutzeko baliatu baitute».
Bestalde, Tolosako Udaletik ere «oso gustura» azaldu dira, «beste behin ekimenak aurreikuspen guztiak bete dituelako». Nerea Letamendia Azoketako zinegotziak azaldu duenez, «bertan bazkaldu edo afaldu duen jendea oso gustura geratu da, eta askok errepikatu dute edo errepikatzeko gogoz geratu dira». «Hori oso garrantzitsua da guretzat, eta bide honetatik lanean jarraitu behar dugula adierazten du», gehitu du.
Txekor erre pintxoek ere harrera ona
Atzoko bazkaria hasi aurretik, mokadutxoa hartzeko aukera izan zen Trianguloan, Euskal Labeldun txekor errea prestatu baitzuten, eta bertatik 1.200 pintxo zerbitzatu. Ilada luzeak egin zituen jendeak hori dastatu ahal izateko. Eguerdi aldera hasi ziren pintxoak banatzen eta ordubete ingurura guztia amaitu zuten, beste behin ere, jakiek gurean duten arrakasta agerian utziz.