Euskararen Egunarekin bat eginez pasa den ostiralean Eskerrak Zuri aipamen bereziak banatu zituen Galtzaundi Euskara Taldeak. Kirola, kultura, gizatasuna eta euskararen alorrean egindako lan isila hartzen du kontuan Galtzaundik omenaldia egiterakoan. Aurtengoan, Ibarrako Emakumezkoen Sokatira Taldeak, Tolosaldea Sahararekin elkarteak eta Tolosako Buruhandi eta Erraldoien konpartsak jaso dute Aipamen Berezia. Ohorezko Aipamena, berriz, Mattin Amundarain euskaltzaleari eman diote.
Mattin Amundarain amezketarraren kasuan, «euskararen alde han eta hemen egindako lan handia» eskertu nahi izan du Galtzaundik. Amundarainek Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkartearen sortzaileetakoa izan zen, eta Ikastola sortzeko mugimenduan ere parte hartu zuen. Amezketarrak hunkiturik jaso zuen saria Lazkaoko fraide beneditarren liburutegiko arduradun Joan Joxe Agirre iazko Ohorezko Aipamenaren eskutik. Guztien artean euskara sustatu eta bultzatzeko beharra azpimarratu zuen Mattin Amundarainek.
Kirola, kultura eta gizatasuna
Kirolaren arloari dagokionez, Ibarrako Emakumezkoen Sokatira Taldeari saria ematea erabaki du Galtzaundik. Talde gaztea izanagatik izan dituzten lorpenak eta egindako lana hartu dute kontuan. Bestalde, Kulturaren Aipamen Berezia Tolosako Buruhandi eta Erraldoien konpartsari eman dio, «pertsonaiak berpiztu, kaleak alaitu eta Euskal Herri mailan izen ona lortu dutelako». Gizatasunari Aipamena, berriz, Tolosaldea Sahararekin elkartearentzat izan da, «sahararren egoera ezagutarazi eta hauek laguntzeko egiten duten lana eskertzeko».