Isastegiko sagardoa New Yorken

Asier Imaz 2010eko abenduaren 2a

Euskal Herriko sagardoak jarraitzaile berri bat dauka munduan, The New York Times egunkariko Eric Asimov kazetaria. Ameriketako Estatu Batuetako kazetaren web orrian, Asimov-ek sagardoari buruzko erreportajea zintzilikatu zuen azaroaren 15ean, Udazken egun alai bateko sagardoa izenburupean.

Bertan, Euskal Herriko hiru sagardo ekoizle aipatzen ditu kazetariak: Astigarragako Sarasola eta Bereziartua eta Tolosako AldabaTxikiko Isastegi.

Euskal Herrian munduko sagardorik «handienetakoa eta ezohikoenetakoa» ekoizten omen da amerikarraren ustez.

Isastegiko sagardo naturalaren inguruan, «freskoa, bizia eta lehorra» dela aipatzen du kazetariak, eta «animalien lurrin ukitua» ere sumatzen omen dio.

Sarasola eta Bereziartua bezala, «benetan gustukoa» omen du Aldaba Txikiko sagardoa; «Euskal Herriko sagarraren zaporea bere esentzian mantentzen baitu», beste hainbat ezaugarrirekin batera. AEBko tradizioak aldatzeko gomendioak ere egiten ditu erreportariak.

Indioilarrarekin sagardoa

The New York Times-eko kazetariak Manhattan-eko jatetxe batean ezagutu zuen Euskal Herriko sagardoa. Ohitu gabe dagoenak, hasieran, atzera egiten omen du. Behin gustua hartu ondoren ordea, Belgikako garagardo tradizionalarekin alderatzen du Asimov-ek; «egia esan, sagardoa edari zoragarria da» esaten amaitzen du. Eta ez hori bakarrik, AEBetan hain ospetsua den Thanksgivin edo Eskerrak Emateko Egunean, indioilarrarekin sagardoa edatea gomendatzen du Asimov-ek. Udako egun beroetarako ere, sagardoa «freskagarri zoragarria» litzatekeela dio erreportari amerikarrak.

Asturiarrak haserre

Isastegiko sagardoa banatzaile baten bidez iritsi da Manhattanera, albistea berriz, Internet bidez jaso dute Isastegikoek, nahiz eta Sagardo Elkartetik ere abisua pasa zieten.

Erreportaiarekin kexu agertu direnak, La voz de Españan egunkarian, asturiar sagardo ekoizleak izan dira. Euren produktuaren aipamenik ez baita agertzen Asimov-en esperientzia pertsonalean oinarriturik dagoen erreportaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!