28. Titirijai Nazioarteko Txotxongilo jaialdiak zabaldu ditu ateak. Aranburu jauregian ikusgai den erakusketa zabalduz eman diote hasiera ekimenari. Japonia da aurtengo lurralde gonbidatua, eta hain zuzen ere, bertako txotxongiloekin osatu dute erakusketa berezia. Herrialde askotatik etorritako 17 txotxongilo konpainia ariko dira abenduaren 5era bitarte, eta horietatik 4 dira Japoniakoak.
Jokin Bildarratz Tolosako alkateak, Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Ana Arretxe Titirijai jaialdia antolatzen duen Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak hartu dute hitza hastapeneko ekitaldian. Ana Arretxek" jende askoren parte-hartze eta laguntzarekin" ireki ahal izan dutela Japoniara Leihoa azpimarratu du, "ez baita erraza hizkuntza eta kultura desberdin bat izanik lana egitea, baina emaitza oso ona izan da". Lurdes Auzmendik Tolosako Udala eta Tolosako Ekinbide Etxearen lana eskertu du, "urte osoko eginaren fruitua baita", eta Euskal Herriko herritar oro gonbidatu du aste osoan Tolosara gerturatzera.
Gaurko egunez, bestalde, bete du urtebete Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroak. Hain zuzen ere, urteurrena izan du gogoan Jokin Bildarratzek bere hizketaldian. "Urte askoko lanaren ostean azkenean posible izan da Europan bakarra den zentroa egitea, eta benetan harro eta pozik egotekoa da izan duen harrera ona". 15.000 bisitari baino gehiago izan ditu zentroak bere lehen urtean. Kandela bat ere piztu dute bere urtebetetzeagatik, eta Ana Arretxe izan da hunkiturik putz egin eta itzali duena.
Tolosako Udaleko, TEEko eta Japoniako ordezkariak nahiz ekitaldira hurbildu diren herritarrak Aranburu jauregiko erakusketa bisitatzeko aukera izan dute aurtengo Titirijai ofizialki zabaldu ostean. Bertako txotxongilo tradizionalez nahiz berriagoez bete dute jauregia txotxongilozaleen gozamenerako.
Bitartean, herriko hainbat gunetan, gazteentzat nahiz helduentzako ikuskizunak ez dira faltako Nazioarteko Jaialdiak irauten duen artean.