Gastronomia da ziurrenik Euskal Herriak duen ezaugarririk nabarmenena, eta gure mugetatik at sona handia dute jakiek bai eta horiek prestatzeko erak. Gauza bera gertatzen dela gure eskualdean esan daiteke, hainbat jaki zuzenean lotzen baitira Tolosaldearekin. Horietako bat da idi txuleta. Baserri lanerako besterik ez zen erabiltzen idia, Tolosan estreinakoz txuleta bat parrila gainean jarri zuten arte. Horregatik da Tolosa, Nerea Letamendia Azoketako zinegotziak dioenaren arabera, «erretegi eta erretzaile onenen sorleku», eta hori dela eta, produktu hau omentze aldera, bosgarren urtez Txuletaren Festa egingo dute.
Abenduaren 4tik 8ra erretegi erraldoi bilakatuko da Zerkausia, eta bertan Julian, Nicolas, Burruntzi eta Orue erretegietako sukaldariek txuletak prestatuko dituzte. Hauekin batera, lagungarri gisa urdaiazpikoa, zainzuriak, kukuluak, piperrak edota gazta eta Tolosako ohiko gozoak dastatu ahalko dira. Jaki hauek guztiak zerbitzatzeaz Divinus Catering arduratuko da, iaz bezala, TAKEkoen laguntza izango dute.
Aurrerantzean bertako okela
Zerkausiaz gain, herriko beste bost jatetxe eta sagardotegitara ere zabalduko da Txuletaren Festa. Hain zuzen ere, Astelena, Beti Alai, Botarri eta Bide Bide jatetxeetan eta Usabal sagardotegian Zerkausiko menu bera eskainiko dute prezio berean, hau da, 45 euroan.
Bestalde, Jokin Bildarratzek azaldu duenez, «garrantzitsua eta beharrezkoa da» lehen sektorea bultzatzea. Horregatik, akordioa sinatu du Udalak Alejandro Goya harategiarekin, «bertan hezitako idien txuletak izateko aurrerantzean Txuletaren Festan».
Egitaraua festaren inguruan
Txuletaren Festarekin batera ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango da herrian. Batetik, Lur kolektiboak antolatuta artisautza azoka izango da San Frantzisko pasealekuan, abenduaren 4an eta 5ean. Goi mailako zesta punta jaialdia ere izango da, abenduaren 6an, Beotibar pilotalekuan, eta abenduaren 7an euskal labeldun txekor errea probatzeko aukera izango da Trianguloan.
Bestetik, Beotibar pilotalekuak 75 urte betetzen dituela eta, abenduaren 3tik 8ra pilota partida ugari izango dira ikusgai, hainbat modalitatetan: eskuz, zesta-punta, erremontea eta paleta.
Datuak
Otorduak. Abenduaren 4an eta 7an afariak eta 5, 6 eta 8an bazkariak.
Menua. Goya okelak, Alejandro Goya eta Dastatzenen txuletak, Villamayor del Rioko urdaiazpikoa, Tuterako kukuluak, Pedro Luis kontserbategiko Lodosako zainzuriak, Antton Arronizen Lodosako piperrak, Tolosako Martin-Txiki eta Berastegiko Larteko Idiazabal gaztak eta Casa Eceizako zigarroak eta teilak eta Gorrotxategiren xaxuak.
Txartelak. 45 euroan. Tolosaldea Tour bulegoan, 943 69 74 13 zenbakira deituta edo tour@tolosaldea.net helbidera idatzita.
Aurten ere, Gastronomika azokan
Donostiako Gastronomika Azokan bere lekua izan du aurten ere Tolosa Gourmet-ek. Hala, eskualdeko informazioa banatzeaz gain, produktu gastronomikoen berri eman diete gerturatu direnei. Larte eta Martin txikiko Idiazabal gazta, 19-90 tabernako pintxoak, Tolosako Babarrun elkartekoen eskutik babarrunak, Alejandro Goya eta Nikolas etxearen eskutik txuletak eta Eceiza eta Gorrotxategiren eskutik gozoak dastatu ahal izan dira. Udaletik balantze «oso baikorra» egin dute, Tolosa Gourmet-en mahaia azokako entzutetsuena izan baita».