Iaz bezala aurtengoan ere Legorretako Jose Mujika Garmendiak irabazi du XXII. Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketako lehen saria. Izan ere, gaurkoa egun berezia da herrian; Babarrun Astea da honakoa eta gaurkoa egun nagusia. Goiz osoan zehar jende ugari izan da Tolosako San Frantzisko pasealekuan, Trianguloa plazan, Zerkausian zein Berdura plazan, aukera ere zabala izan baita. San Frantziskon Liburu Azoka dago, aste osoan zehar egongo dena, eta Trianguloan Babarrun Astearen Azoka Berezia izan da goizean. Garaiko jakiak erosteko aukera izan da, baina noski, denetan nagusi, babarruna izan da.Larunbateroko Zerkausiko eta Berdura plazako azokan ere jende ugari izan da.
Txapelketak
Babarrun Astearen baitan sari ugari banatu dituzte eguerdi aldean. Lehen saria X. Mus Txapelketa Azkarrarena izan da. Lehen aldiz, aurtengoan tolosarrak izan dira nagusi sari banaketan. Bigarren saria, eta ondorioz, 600 euro eta garaikurra Anizeto Lazkanok eta Agustin Iraolak jaso dute. 1.200 euroko lehen saria, aldiz, Andoni Riañok eta Gorka Aranburuk eskuratu dute. Hauek garaikurra eta noski, txapela ere jaso dituzte.
Bigarren sari banaketa arestian aipatutako XXIII. Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketakoa izan da. Guztira 22 parte-hartzaile izan dira eta epaimahaiko kideek esandakoaren arabera ez dute lan erreza izan. Sonia Tapia, Joxean Eizmendi, Ruben Trincado, Joaquin Solbes eta Casilda Giraldez izan dira epaimahaiko kideak eta hauek lau ezaugarri hartu dituzte kontutan saria banatzeko: babarrunaren azala, hau da, hau osorik egotea; alearen itxura; saldaren lodiera; eta zaporea, azkenik.
Lehen saria Legorretako Jose Mujikak jaso du.Toki Eder etxekoak 200 euro, garaikurra eta txapela eraman ditu etxera, nahiz eta bere hitzetan garrantzitsuena sari honek "lana ondo egin duela" adierazten duela den. "Ez nuen espero, baina beti duzu irabazteko itxaropena. Ilusio ikaragarria egiten dit. Aurtengo alea oso ona izan da, iaz ere ona izan zen, baina aurtengoan asko dago eta oso ona, gainera. Urte ona izan da", azaldu du. Irabaztearen sekretuaren inguruan galdetzean aldi, hau erantzun du: "Ondo zaindu behar dira. Ondo helduta daudenean bildu behar dira. Behin heldu direnean ez badituzu jasotzen, galdu egiten dira. Ondoren, ondo lehortu behar dira, batzuk berogailuak eta guzti erabiltzen dituzte, baina nire ustez ez zaie ezer berezia egin behar, lehortzen utzi eta kito, hori da sekretua, garai batean bezala egitea". Ez da Mujikak saria jasotzen duen lehen aldia, 1999. urtean lehen txapela irabazi zuen, eta ondoren gehiago etorri dira: 2002an hirugarren izan zen, 2005ean bigarren, 2008an ere bigarren eta azken bi urtetan lehen saria jaso du legorretarrak.
Bigarren saria Albizturrera joan da, Alberto Labaka Elolaren eskuetara. Iriarte Baserrikoak ezin izan du saria jaso eta ordezko batek jaso ditu saria. Hirugarrena ere eskualdekoa da, Zizurkilgo Juan Jose Argote Zuriarrain, Akezkoa auzokoa.
Sari banaketaren ondotik enkantea egin dute eta aurtengoan iaz baino 100 euro ordaindu dira. Mujikaren lakariarengatik 2.200 euro ordaindu ditu Joaquin Solbes epaimahaiko kideak. Solbes Segoviako El Rancho jatetxeko arduraduna da eta aurtengo Babarrun Asteko gonbidatua, izan ere Segovian ere babarrun propioa dute. Enkantean ordaindutako 2.200 euroak Mali Elkartasuna Villabonako taldeak jaso du dituen proiektuetara bideratzeko.
Txapela nork hobeto jantzi
Eguneko azken txapelketa Txinparta elkartean izan da. Bazkaltzeko ordua gainean zutela jende asko animatu da Txapela Nork Hobeto Jantzi lehiaketan parte hartzera. Jose Maria Etxeberria, Txomin Garmendia, Jose Ignacio Manzisidor, Anjel Izagirre eta Juan Bautista Aranzabe 'Mate' epaimahaiko kideen aurrean jantzi behar izan dute parte-hartzaileek txapela. Azkenean gizonezkoetan Jose Oria Aranberrik irabazi du, bigarren 10 urteko Pablo Aranzabe Gonzalezek egin du eta hirugarren Manuel Tolosa Giberaldek. Emakumezkoetan, aldiz, Lucia Aranzabek irabazi du, iaz ere 10 urteko neskato honek irabazi zuen. Bigarren Maite Sanchez Martinek egin du, Luciaren amonak, hain zuzen, eta hirugarren Maria Isabel Matarranzek egin du. Parte-hartzaile zaharrena 92 urteko Florentino Gastesi izan da. Legorretarra aski ezaguna da txapelketan, urtero hartzen baitu parte. Gazteena berriz, lau urte besterik ez ditu, Elene Ariznabarreta. Txinpartako bazkidearen saria Jose Oria Aranberrik eskuratu du eta bigarrena Juan Zubeldiak.
Behin txapelketak bukatuta tolosar asko eta asko taberna ondoetara joan dira, izan ere herriko taberna ugarietan mahaiak jarri dituzte, urtero bezala, kanpoan bertan lagunak eta bezeroak babarrun jatera gonbidatzeko.
Lehiaketa Gastronomikoa bihar
Bihar ere izango da zeregina Babarrun Astearen harira. 08:00etan hasiko da XXIV. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa Trianguloan. Epaimahaia 13:00etan hasiko da lanean eta Zerkausiko herri bazkariaren ondoren, 16:30ean, sari banaketa egingo dute Zerkausian bertan.
http://www.youtube.com/watch?v=KkQrEowImbQ