Uzturre asistentzi gunea inauguratu dute

Iñigo Terradillos 2010ko aza. 16a, 15:06

http://www.youtube.com/watch?v=6A1NqJQgvMU

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Maite Etxaniz Gizarte Politikarako Foru Diputatuak eta Jokin Bildarratz Tolosako alkateak Uzturre asistentzi gunea inauguratu dute gaur goizean. Udaleko nahiz erakundeetako hainbat ordezkari izan dira ekitaldian, tartean, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina.

Hain zuzen ere, agurra dantzatu ostean ur bedeinkatua isuri du Munillak gune berriaren sarreran. Maite Etxanizek adierazi duenez, "ireki berri den gune honekin, Gipuzkoan bigarren eskualdea da Tolosaldea adinekoei zuzenduriko plazei dagokionez, eta eguneko zentroetako plazak kontuan hartuta, berriz, lehen postuan". Herritarrak eta egoiliarrak zoriondu dituzte bai Bildarratzek bai eta Olanok ere, zentro berriarengatik, eta ondoren egoiliarrak izan dira lekukoa hartu dutenak, guztiek batera abestuz. Egoitza osoa bisitatzera igaro dira gero inauguraziora gerturatu direnak.

Uzturre asistentzi guneak 157 adinekoentzako lekua du, horietatik 77 adineko mendekoentzako plazak dira, 16 adinekoentzako psikogeriatriako plazak, 24 zerbitzu psikosozialetako egoiliarrentzat eta 40 eguneko zentroko erabiltzaileentzat. 23,3 milioi euroko inbertsioa egin dute zentroa eraikitzeko.

2012 urtera bitarte adinekoentzako 385 plaza aurreikusten ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosalderako. Inauguratu berri den gune honen 77 plazekin 360 ditu eskualdeak guztira. Adineko mendekoentzako eguneko zentroko plaza kopuruari dagokionez, 118 plaza aurreikusi zituzten 2012rako. Uzturre zentroak gehitu dituen plazekin eguneko zentro bezala 136 plaza ditu egun Tolosaldeak. Bestalde, gune berriarekin Tolosan jarritako psikogeriatriako 16 plaza horiek indartzeko, urte amaieran 28 plaza izango dituen beste unitate bat jarriko dute martxan Zizurkilen.

Zahartzaro Duina plataformakoen aldarrikapena

Bestalde, Udaleko nahiz Foru Aldundiko ordezkariak bertan zirenez, Zahartzaro Duina plataformako kideek aldarrikapenak egiteko baliatu dute unea. Beraiek diotenez, gerontologiko zaharra zegoenean baino 60 plaza gutxiago daude egun adinekoentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!