Aaiundik (Mendebaldeko Sahara) 18 kilometrora dagoen Gdeim Izika kanpalekuan 25.000 saharar inguru egon dira ia hilabetez, modu baketsuan, euren autodeterminazio eskubidea aldarrikatu eta Marokok 1975ean okupatutako lurraldean bizi diren sahararren bizi-baldintzak salatzeko. Herenegun Marokoko armadak gogor eraso eta indarrez hustu zuen arte. Hildakoak, zaurituak eta desagertuak daudela salatu du Fronte Polisarioak, eta Marokoko Gobernuak bere aldetik, «legediarekiko errespetu osoz» jokatu duela. Xabi Otegi tolosarra Aaiungo kanpalekutik iritsi berri da. Sahararren egoera bertatik bertara ikusteko helburuz joan zen Mendebaldeko Saharako hiriburura, eta han zela hasi zen sortzen aldarrikapenerako kanpalekua. Sahararrek duten «indarra, ilusioa eta kemena» nabarmentzen du.
Aaiundik Euskal Herrira iritsi zarenetik gauzak asko aldatu dira. Une honetan erabat harturik dute Saharako hiriburua Marokoko segurtasun indarrek.
Bertako sahararrekin harremanetan jarri naiz, eta Aaiun erdialdea sutan aurkitzen dela esan didate. Azken erasoengatik nahasmen handia dagoela esan didate, eta egun bat edo bi beharko direla ziurtasunez jakiteko zer ondorio izan dituen. Esaterako, jakiteko zenbat diren desagertuak. Bide baketsutik ari ziren sahararrak aldarrikapenak egiten, baina Marokoren eraso hauekin, gatazka, erasoak eta suteak zabaldu dira. Horixe zen nahi zutena.
Zergatik nahi dute hori?
Marokoarren eta sahararren artean dagoen desberdintasuna hor geratzen da agerian. Sahararrek Aaiun kanpoaldean osatua zuten Gdeim Izik kanpalekuan modu baketsuan egin dituzte euren aldarrikapenak, eta ez zutela etenik izango eurena lortu arte azaldu zuten. Marokok, bestalde, bi arpegi erakutsi ditu: kanpora begira sahararren aldarrikapenak betetzeko prest daudela erakutsi nahi izan dute, baina aldi berean, bortizkeriarekin jarraitu dute, kanpalekua sortu zuten lehen egunetik trabak jarriz, eta azkenean hura deusezteraino. Borroka sortu nahi du, eta borroka hori erakutsi. Sahararrek, batez ere gazteek une honetan, era baketsuan ezer lortzen ez dutela ikusirik armei ekitea lortu nahi du Marokok. Herri zapaldua horretara bultzatzen ari dira hainbeste probokazioren bidez, badakitelako gatazka bide horretara bideratuz indartsuago izango direla.
Kanpalekua deuseztu dute, eta horrez gain, hildakoak, zaurituak eta desagertuak daudela adierazi du Fronte Polisarioak, eta etxez etxe kanpalekuan parte hartu duten gazte sahararren bila ari direla.
Bai. Ehunka dira desagertuak eta hildakoak ere badira eta Saharako hiriburuan bizi duten egoera jasanezina da. Bitartean, Mendebaldeko Saharak subiranotasuna lortzeko negoziazio prozesuari ekin zioten herenegun Marokok eta Fronte Polisarioak Nazio Batuen Erakundearen babesean. Maroko legearen gainetik dagoela erakusten du horrek, nahi duena egin dezakeela, eta Israel bezalakoekin aldera genezake. Negoziazio bilera horietan Marokok bakerako asmoa duela eta demokratikoa dea erakutsi beharko luke, baina, kontrakoa egiten du. Eta ez du uzten bere lurraldean gertatzen dena nazioartean erakustea. Beraz, inpunitatez jokatzen du.
Aaiungo kanpalekuan izan zinenean artean ez zuen hainbeste indarrik. Zein helbururekin joan zinen hara?
Betidanik izan dut herri zapalduekiko begirune berezia. Mendebaldeko Saharara joan eta bertan gertatzen dena kontatzeko babes dei bat zegoen. Horri erantzunez joan nintzen.
Era berezian egin zenuen bidaia.
Gurea bezalako herri okupatu batetik Madrileraino, herri zapaltzaile bateraino, joan nintzen kartzelara bisitan zihoazen senide batzuekin. Madrilen ikusi nuen euskaldunekiko duten axola eza, eta baita sahararrekiko ere, beraiek izanik baztertu zituztenak. Beste herri zapaltzaile batean jarraitu nuen, hau da, Marokon, eta handik Saharara joan nintzen. Segituan hasi nintzen konturatzen tratua-eta desberdinak direla, esaterako polizia kontrolak ugariagoak direlako Mendebaldeko Saharara sartzean. Okupaturiko lurralde askotan izana naiz, baino han adina militar dagoen lekurik ez dut inon ezagutu. Giroa erabat kolonizatua da.
Nola iritsi zinen Aaiungo kanpoaldean sortzen ari ziren kanpalekura?
Euskal Fondoaren bidez bertako sahararrekin jarri nintzen harremanetan, eta segituan euren etxeko ateak zabaldu zizkidaten. Familia honetako kideak Aauingo kanpoaldean sortzen ari ziren kanpalekuko antolaketan ari ziren. Urriaren 20an iritsi nintzen Aauinera, eta egun horretan bertan Gdeim Izika kanpalekura joatea proposatu zidaten.
Zer ikusi zenuen han?
Oso ondo antolatuta zuten guztia, egiten ari zirenaz sekulako sinismen eta militantziarekin. Euren bizitzako unea bezala sentitzen zuten guztia. Harriturik geratu nintzen han topatu nuen giroarekin. 35 urte egon dira Marokok zapalduta, beldurrez, euren anai-arrebak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan daudelarik. Eta bat-batean, aldarrikapen kanpalekua handitzen eta indarra hartzen joaten ari zen heinean, egin ahal zezaketela sentitu dute, posible zela. Aldarrikapen honetan benetan sinesten zuten, eta horren adibide da euren etxeak eta lanak utzi zituztela askok. Saharar ahalik eta gehien elkartzea zen euren asmoa, euren gatazka geroz eta ikusgarriago egiteko. Bestalde, Europan egon diren gazte asko itzuli egin dira Saharara egungo krisi egoerak bultzatuta, eta orain, han daudelarik, ez dutela berriro ere Saharatik joan nahi diote. Une honetan han egon behar dutela sentitzen dute, hura delako euren herria. Ilusioa, gogoa, lagunarte izugarria eta indarra nabaritu nuen eurengan.
Zein izan zen zure egitekoa?
Ni tapaturik sartu ninduten, euren janzkerarekin, arpegia estaltzen zidan turbantearekin, alegia. Poliziek ezin zuten antzeman kanpotar bat nintzela. Kanpalekuan sartu orduko haima batera eraman ninduten, eta nahi zuten neurrian laguntzeko prest nengoela azaldu nien, esaterako, argazkiak ateraz. Kanpalekuko segurtasuna bermatzen ari zirenekin eraman ninduten, eta orduan jabetu nintzen kanpalekuaren handitasunaz. Kanpalekuaren inguruan zeuden Marokoko militarrei eta kanpalekuari berari argazkiak ateratzen egon nintzen. Kazetari lanak eginez, nolabait, baliagarri sentitzen hasi nintzen. Hiru egun igaro nituen han, eta irten egin nintzen. Bertan utzi nuen kamara haientzat baliagarriago izango zelakoan.
Atzerritar gehiago ba al zegoen han?
Kataluniar bat eta mexikar bat zeudela jakin nuen. Gu hirurak ginen hango atzerritar bakarrak.
Pixkanaka Marokoren erasoak handituz joan zirela ikusi zenuen.
Aaiundik kanpalekurako bidean eta kanpalekuaren inguruan Marokoko militarrak zeuden, kanpalekurako sartu-irtenak kontrolatzen. Erasotzen ere hasi ziren, harriak botaz, eta lehen zaurituak eragin zituzten. Horien irudiak ere hartu nituen. Orduan, Marokoko militarrak kanpalekua hesitzen hasi ziren, bertara sartzea oztopatzeko. Horrek tentsioa areagotu zuen. Kanpalekua kokatu zuten lur horiek sahararrenak dira, eta euren aldarrikapenak era baketsuan ari ziren egiten, beraz, ez ziren legez kontrako ezer egiten ari.
Tamalez odola behar da albiste batek komunikabideentzat interesa izateko, baina gerora ere trabak, debekuak eta erasoak jasan dituzte albisteak jorratzerakoan. Ni kanpalekutik atera eta hurrengo egunean gertatu zen gaztearen erailketa. Krudelkeria izugarria egin zuten, eta ondoren familiari hilobiratzen ere ez zioten utzi.
Sahararrei laguntzeko zeintzu dira biderik egokinak?
Kanpotik bultzada falta zaie, Nazio Batuetatik, esaterako. Euskaldunok horrelako gatazka bat konpontzeko nazio erabakiorra bagina oso argi ikusi eta sentituko genuke zapaldutako herri bat dela Mendebaldeko Sahara. Baina, Estatu Batuak, Frantzia edota Espainiak ez dute horrela sentitzen. Gainera, badirudi Marokorekin orain arte bezala erlazio ona edukitzen jarraitu nahi dutela. Bestalde, herritarren babesa eta elkartasuna beharrezkoa dute. Bertara joatea eskatzen dute, han gertatzen dena munduari kontatzeko, guztia isilean ez gelditzeko. Saharar presoekin eta hemen bizi diren sahararrekin egotea eta euren egoeraz galdetzea ere garrantzitsua da.
Euren egoera gurearekin aldera al daiteke?
Sahararrak oso zapalduta egon dira eta daude, horregatik, esaterako, euren bandera erakuste hutsa ekintza handia da eurentzat. Euskal Herrian duela 30 urte genuen egoera dute han. Guk herri aske bat bagina bezala bizi nahi dugu, gauza erosoetara ohitu gara, eta nolabait, garrantzitsuena tapatu-edo egiten dugu. Sahararrek, berriz, argi dute sahahar direla, eta eurena dena lortu arte azkenera iristeko prest daude.