Irristaka taldeak XI. Indoor Saria antolatu du igande honetarako Tolosako Usabal kiroldegian. 09:30ean hasiko dira patinaje lasterketak, eta aurtengo edizioak badu berezitasuna: lehen aldiz, Iñaki Urkizarren izena eramango baitu. Izan ere, azken zazpi urteetan Irristaka taldeko lehendakaria izan zen Urkizar, eta haren ekarpena aitortu eta eskertu nahi izan diote taldekideek, heriotzaren ondoren.
Julen Urkizarrek, Irristaka taldeko kide eta Iñakiren semeak azaldu duenez, urtero antolatzen dute Indoor Saria, baina aurtengoak esanahi berezia izango du taldearentzat eta familiarentzat: «Indoor Saria urtero Usabal kiroldegian antolatzen dugun lasterketa bat da, Irristaka taldetik. Aurten hamaikagarrena izango da, eta berezia. Azken zazpi urteetan bera izan da Irristakako lehendakaria, eta bere lanik gabe, ez zen erraza izango edizio honetara iristea. Orain, heriotzaren ondoren, bere izena jartzea erabaki dugu Irristakatik».
Izen aldaketarekin batera, omenaldi bat ere egingo diote egunean zehar. Antolatzaileek lasterketen erdian egitea aurreikusi dute, proba laburren eta luzeen artean, eguerdia baino lehen gutxi gorabehera.
Omenaldiak, oroitzapen bideo bat eta patinatzaileen parte-hartzea izango ditu. Iñaki Urkizarren eta Irristakaren arteko lotura erakusten duten argazkiak eta irudiak bilduko dituzte ikus-entzunezkoan, patinajean aritutako garaiko oroitzapenak tartean. Horrez gain, Irristaka taldean hasieratik edo urte hauetan zehar parte hartu duten hainbat patinatzaile gonbidatu dituzte. Denek patinak jantziko dituzte, eta Urkizarren omenez, buelta batzuk emango dituzte Usabalgo kantxan. Horrela, taldearen ibilbidean eta eguneroko lanean izan duen garrantzia gogora ekarriko dute.
Semeak ez du ezkutatu eguna berezia izango dela familiarentzat: «Bai, oso momentu hunkigarria izango da guretzat».
Lau kategoria
Omenaldiaz gain, patinajeak hartuko du protagonismoa igande goizean. 120 patinatzaile inguru izango dira bertan, nesken eta mutilen artean kopuru nahiko parekatuan, gainera. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorriko dira parte-hartzaileak, Irristakako etxeko patinatzaileekin batera.
09:00ak aldera hasiko dira beroketa lanak, eta 09:30ean ekingo diete lehiaketei. Lau kategoriatan banatuko dituzte patinatzaileak: eskola mailakoan, gazteetan, helduetan eta masterretan. Hiru proba mota izango dituzte egunean zehar: lasterketa motzak, lasterketa luzeak eta erreleboak.
Indoor Saria Usabal kiroldegiko futbol kantxan jokatuko da. Ez da ohiko patinaje pista bat izango, baina horretarako prestatutako zirkuitu bat osatuko dute antolatzaileek. «Usabalgo futboleko kantxan izango da; lau kono jarriko ditugu, 100 metro inguruko zirkuitu bat osatzeko eta bueltaka ibiltzeko», azaldu du Julen Urkizarrek.
Azkenik, Irristakako kideak ikusleak gonbidatu ditu igandeko lasterketetara: «Indoor Saria ikusteko oso polita izaten da, bizi-bizi ibiltzen direlako patinatzaileak. Kirol hau ezagutzeko aukera polita izaten da. Beraz, taldetik jendeari gonbidapena luzatzen diogu, Usabalera joanez gero, zerbait berria ikusiko dutelako».