Hainbat elkarretaratze Bilboko erailketa matxista salatzeko

Tolosaldeko Ataria

Pasa den maiatzean Tolosan egindako elkarretaratzea Arguedasen izandako erailketa matxista salatzeko.

Bilbon emakume bat bikotekide ohiak hil duela salatuko dute eskualdeko zenbait herritan. Urtea hasi zenetik indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da.

Atzo iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilbon, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, Gurutzetako ospitalean hil da 34 urteko emakumea. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumea da. Erailketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte datozen egunetan Euskal Herriko hiri eta herrietan.

Tolosaldean gaur, bihar eta astelehenean izango dira mobilizazioak, Tolosaldeko Mugimendu Feministak eta Itaiak deituta. Itaiak hilketa matxistaren gordintasuna salatu du, eta emakumeen aurkako indarkeria «gero eta larriagoa» dela nabarmendu: «Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna igaro berritan gertatu da erailketa eta, orduan adierazi bezala, indarkeria matxistaren aurkako mugimendu indartsua eratzeko beharra nabarmentzen dugu, zeina kaleko mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarrituko den». 

Tolosako Udalaren adierazpena

Tolosako Udalak erabat gaitzetsi du erailketa eta elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. «Heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dute erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina; bereziki mingarria da, Azaroak 25 bezalako egun baten biharamunean gertatu izana».  Erakundeen eta euskal gizarte osoaren gairekiko erantzukizuna nabarmendu du, eta esan du udalak sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar duela, «etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta; gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia». Halaber, bat egin du Tolosako Asanblada Feministak biharko deitutako elkarretaratzearekin.

Mobilizazioak

Gaur, ostirala

  • Irura: 17:45ean plazan (Mugimendu Feminista).
  • Berastegi: 18:15ean plazan (Mugimendu Feminista).
  • Asteasu: 19:00etan plazan (Mugimendu Feminista).
  • Tolosa: 19:30ean Euskal Herria plazan (Itaia). 

Bihar, larunbata

  • Tolosa: 12:00etan Trianguloa plazan (Mugimendu Feminista).

Astelehena, azaroak 30

  • Anoeta: 18:30ean plazan (Mugimendu Feminista).
  • Villabona: 18:30ean Berdura plazan (Mugimendu Feminista).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!