Igeriketako Euskal Herriko Kluben Kopa jokatuko da asteburuan Tolosan

Tolosaldeko Ataria

Usabal kiroldegian jokatutako igeriketa proba bateko irudia. J. A.

Larunbatean eta igandean izango dira probak Usabal kiroldegiko igerilekuan, eta emakumezkoen eta gizonezkoen zortzina taldek parte hartuko dute.

Asteburu honetan Igeriketako Euskal Herriko Kluben Kopa jokatuko da Tolosako Usabal kiroldegiko 25 metroko igerilekuan. Tolosaldea IKT klubak eta Euskadiko Igeriketa Federazioak elkarlanean antolatu dute, eta larunbat eta igande goizean –10:00etan hasita– nahiz arratsaldean –17:00etan hasita– izango dira probak. Proba bakoitzean lortutako puntuak taldearentzat izango dira, eta asteburu amaieran puntu gehien lortzen dituen taldeak irabaziko du txapelketa. Era berean, puntuagarria izango da Bigarren Mailako XXXII. Espainiako Kluben Koparako.

Emakumezkoen eta gizonezkoen kategoriako Euskal Herriko zortzina talde indartsuenek parte hartuko dute: Tolosaldea IKT, Zarautz –gizonezkoak bakarrik–, Azpeitiko Izarraitz –emakumezkoak bakarrik–, Irungo Bidasoa XXI, Getxo WP, Santurtzi, eta Gasteizko Judizmendi eta Menditxo.

Igeriketan taldeka jokatzen den txapelketa bakarrak dira kopak. Hori dela eta, «lehiaketa oso bereziak» izaten direla adierazi dute antolatzaileek. «Ikusleentzat, Euskal Herrian antolatzen den igeriketa txapelketa politena da. Gainera, maila eta emozio handiko txapelketa izango da».

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!