Tolosako Udalak Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin bat egitera deitu ditu herritarrak

Tolosaldeko Ataria

Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta, Tolosako Udalak hausnarketa bat helarazi nahi die herritarrei: «Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideen urraketa izaten jarraitzen du, eta gizarte osoari eragiten dio. Indarkeria hori desagerrarazteko, erakundeek, gizarte erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide bakoitzak ere konpromisoa hartu behar dugu». 

Azaroaren 25aren harira, Tolosako Udalak kaleratutako adierazpen instituzionala:

«Azaroaren 25 honetan, errealitate horren aurrean gure zeregina zein den galdetzeko deia egiten dugu, gaitzespenetik harago begiratzekoa. Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean? 

Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar da. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea. 

Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun-egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu aurrerapauso bat egitera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.

Udalok, herritarrengandik hurbilen gauden erakundeak izanik, gure udalerrietako auzokide guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Horrela bakarrik aurrera egin ahal izango dugu gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz. 

Eta horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu: 

  • Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzen jarraitzea.
  • Indarkeria matxistaren kasuen aurrean, herritarrek egiten dituzten salaketak eta alertak bideratzea, eta egoera bakoitzean erantzun publikorako dispositibo egokiak aktibatzea, onartu berri dugun Erakundeen Arteko II. Protokoloa aintzat hartuta.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzen jarraitzea, Hezkidetza Mahaiaren bidez, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko. 
  • Herritarren sareak aktibatzea eta mugimendu feministarekin elkarlanean aritzea, indarkeria matxistari aurre egiteko edo hura antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
  • Udal-langileentzako formakuntzak egiten jarraitzea, erantzun egoki eta koordinatuak emateko.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu Mugimendu Feministak azaroaren 25ean antolatutako manifestazioan parte har dezaten. Manifestazio hori Trianguloa plazatik abiatuko da, arratsaldeko 19:00etan, eta Batumorek girotuko du, lelo honekin: Ez ginen atzera egiteko jaio. Frente al fascismo, feminismo».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!