Ogibidez farmazialaria da Maialen Rodriguez Azpiroz (Tolosa, 1992)), baina erakusleihoak diseinatzea eta sortzea ere bere lanaren parte bihurtu du. Sormena eta osasunaren inguruko dibulgazioa uztartzen ditu Tolosako Larramendi auzoko Azpiroz farmazian, eta erakusleihoen bidez, herritarren jakin-mina piztu eta osasun-mezuak zabaltzen ditu.
Farmazialari izatea etxetik datorkizu.
Bai, ama farmazialaria da, orain jubilatu berria. Txikitatik ezagutu dugu ofizioa, eta horrek animatu gintuen karrera ikastera.
Argi izan zenuen farmazia ikasi nahi zenuela?
Egia esan, zalantzak izan nituen. Biologia ere asko gustatzen zitzaidan eta dudatan egon nintzen. Lotsatia nintzen, eta ez nuen neure burua mostradorearen atzean ikusten, baina azkenean, Batxilergoan ikasgaiak aukeratzeko garaian, lan-aukerak ere kontuan hartzen dituzu, eta Farmazia ikastea erabaki nuen.
Zer moduzkoak dira Farmazia ikasketak?
Bost urteko gradua da, eta ikasgai aldetik nahiko gogorra. Lehenengo urteetan matematika, biologia eta antzeko ikasgaiak dituzu; azken urteetan, berriz, farmakologia, kimika eta abar. Karrera zaila da, baina gustatzen bazaizu eta gogoa jartzen badiozu, atera daiteke.
Ikasketak bukatu eta berehala hasi zinen lanean?
Bai. Farmazia-karrera amaitu ondoren hasi nintzen, 2015ean. Donostian eta Madrilen ere aritu naiz. Farmazia mota desberdinak ezagutzeko aukera izan dut, handiak eta txikiak. Gurea auzoko farmazia bat da. Guretzat garrantzitsuena jendeari laguntzea da. Beste farmazia handiago batzuetan, agian, salmentek garrantzi handiagoa dute; hemen, berriz, jendea ezagutzea eta ahal dugun moduan laguntzea da gakoa.
Amaren farmazia hartu zenuten ahizpak eta biok, eta Tolosako beste auzo batera lekualdatu zineten.
Bai. 2020an egin genuen aldaketa Amaroztik Larramendira. Inauterietan ireki genuen farmazia berria, eta bi aste eskasera konfinamendua hasi zen. Mugimendu handia izan zen gurean, jendeak konfinamenduan gertuen zeukan farmaziara etorri behar izaten zuelako. Hortaz, jendeak derrigor ezagutu gintuen. Egoera berezi xamarrean, baina harrera oso ona egin ziguten, eta oso kontentu gaude.
Amaroztik Larramendira. Aldaketa handia izan al da?
Oso desberdina da aurreko farmaziarekin alderatuta. Han adineko jende gehiago zegoen; hemen, berriz, gazte asko dago, baita umeak dituzten familiak ere. Oso gustura gaude. Lokalak ere laguntzen du. Garai batean jendaurreko espazioa txikiagoa izaten zen eta botika-ostea handiagoa. Alderantziz egin dugu hemen: jendaurreko espazioa zabala eta polita da, eta hasieratik nahi genuen jendea eroso sentitzea. Gurpil-aulkiekin edo umeen kotxeekin etortzeko leku handia daukagu, eta txikienentzako txoko bat ere prestatu dugu.
Lokala diseinatzeko aukera izan zenuten?
Bai. Hirugarren ahizpa bat dugu arkitektoa dena, eta berekin aritu ginen proiektua prestatzen, eta oso kontentu gaude emaitzarekin. Farmazia dinamikoa izatea nahi genuen. Altzariak eta produktuak lekuz aldatzen ditugu, eta, batzuetan, jendeak esaten digu gauzak aldatzen ditugunean farmaziak beste bat dirudiela. Duela gutxi optika-zerbitzua ere ireki dugu. Nire ahizpa farmazialaria izateaz gain, optikaria ere bada, eta tokian bertan auzoari beste zerbitzu bat eskaintzeko aukera ikusi genuen.
Zer moduzkoa da jendearekiko tratua farmazia batean?
Oso ona. Nire ustez, farmaziako lanaren gauzarik politena jendearekiko gertutasuna da. Azkenean, jende asko ezagutzen dugu. Gure bezeroak agian urtean behin joango dira medikuarengana, baina hona maiz-maiz etortzen dira euren medikazioaren bila. Eta sendagaien inguruan aritzen dira, baina beste gauza asko ere kontatzen dizkigute. Oso lan betegarria da.
«Farmaziako lanaren gauzarik politena jendearekiko gertutasuna da»
Ardura handiko lana da?
Egia da mostradorean ez daukagula pertsona bakoitzarekin nahi adina denbora egoteko aukera, baina gertutasuna transmititzen saiatzen gara. Gu laguntzeko gaude. Jendea botikaren bila etortzen da, baina askotan aholkua eta hitz egitea bilatzen du. Jakina, ezin dugu denarekin lagundu, baina badakigu noiz bideratu behar dugun pertsona medikuarengana edo beste profesional batengana. Jendea edozein gauza kontatzera etortzen da, eta gu saiatzen gara gure eskutan dagoena egiten.
Farmazian jendaurrekoaz gainera, zein beste lan egiten duzue?
Lan handia dago botika-ostean. Laborategia daukagu, formulak prestatzen ditugu, pastilla-kaxak antolatzen ditugu, eskaerak jasotzen eta kudeatzen ditugu... Gauza asko daude egiteko. Niri asko gustatzen zait denetarik pixka bat egitea. Egun osoa mostradorean egoteak energia asko kentzen dizu, eta beste lan batzuk egitea ere oso ondo datorkit. Lanaren alderdi desberdinak uztartzea gustatzen zait.
«Farmaziako lanaren alderdi desberdinak uztartzea gustatzen zait»
Guardia asko egin behar izaten dituzue?
Guardiei dagokienez, egia da batzuetan asteburuetan ere lan egitea tokatzen zaigula, eta deskonektatzeko denbora kentzen dizula. Baina ez dugu hainbeste egiten; gutxi gorabehera, hilean bat.
Eta gaueko guardiak desberdinak dira eguneko lanarekin alderatuta?
Bai, ez daukate zerikusirik. Aurten, Tolosan, Edurne Bengoetxearen farmaziak egiten ditu. Gauean jende gutxiago etortzen da, eta etortzen dena, normalean, premiazko zerbait behar duelako etortzen da. Batzuetan errezetarik gabe ere etortzen dira botika eske, eta guk ezin diegu beti nahi dutena eman. Horrelako egoerak zailak dira, zuk ulertzen duzulako pertsona horren beharra, baina ezin duzulako beti lagundu. Egunean zeharreko gertutasun hori ez da berdin sentitzen.
Zein dira gehien saltzen dituzuen produktuak?
Sendagaien artean, analgesikoak, ibuprofenoa eta parazetamola, esaterako. Kontsulta asko izaten ditugu buruko minei, giharretako minei eta zerbikaletako arazoei buruz. Baina kosmetika ere asko lantzen dugu. Ez ditugu hidratatzeko edo zimurrak zaintzeko kremak bakarrik eskaintzen; larruazaleko patologiekin lotutako kosmetika ere lantzen dugu. Umeentzako produktu asko ditugu, eta ortopedia ere bai, batez ere adinekoei laguntzeko.
Farmaziako erakusleihoa diseinatu eta prestatzea zure ardura da?
Bai. Nire aita eskultorea da, eta txikitatik landu izan dugu irudimena eta sormena. Niri eskulanak egitea izugarri gustatzen zait. Beraz, erakusleihoak prestatzea nire zaletasuna eta lana uztartzeko modu bat da. Gainera, erakusleihoa jende gehiagorengana iristeko mostradore bat da. Aukera handia da. Ez dut erakusleihoa produktuak sustatzeko bakarrik erabiltzen. Osasun-gomendioak zabaltzeko eta patologiak ezagutarazteko ere baliatzen dut.
Adibideren bat jarriko zenuke?
Optika-zerbitzua ireki genuenean, adibidez, miopiaren eta astigmatismoaren arteko aldea azaldu nahi izan nuen. Horretarako, begi erraldoi batzuk egin nituen, eta argia nola sartzen den erakutsi genuen. Begi batek miopia zergatik duen eta beste batek zergatik ez azaltzeko modu bisual bat izan zen.
Gabonetako erakusleihoak ere egiten ditugu. Olentzero eta Mari Domingiren tamaina handiko irudiak jartzen ditugu, eta urtero gauza desberdinak egiten saiatzen gara. Behin, Mari Domingi hanka hautsita jarri genion; beste batean, Olentzerok begi gorriak zituen, konjuntibitisa izango balu bezala. Denetarik egin dugu.
Digestio-arazoak azaltzeko ere egin izan ditugu erakusleihoak. Babarrun-plater batetik ateratzen zen leherketa moduko bat prestatu genuen, esaterako.
Zenbatean behin aldatzen dituzu erakusleihoak?
Neure buruari jarritako helburua hilabetean edo hilabete eta erdian behin aldatzea da. Gustatuko litzaidake hilabetero erakusleiho berri bat jartzea, baina ez da beti bideragarria. Lan handia dago atzean, eta farmazian beste gauza asko ere egin behar ditugu. Optikako erakusleihoak ere prestatzen ditut, eta kasu horretan, hiru hilabetean behin aldatzeko helburua jarri diot neure buruari.
Formaziorik jaso duzu diseinuaren edo dekorazioaren inguruan?
Ez, ez daukat horri buruzko ikasketa berezirik. Gustatzen zaidalako egiten dut, eta pixkanaka ikasten joan naiz. Erakusleiho bat egiten dudan bakoitzean gauza konplikatuagoak egiten saiatzen naiz. Prozesu osoa gustatzen zait: ideia edukitzea, materialak bilatzea, margotzea, gauzak prestatzea eta dena muntatzea.
Zenbat denbora behar duzu erakusleiho bat prestatzeko?
Oso desberdina da egiten dudanaren arabera. Gauza handiak margotu behar baditut edo egurrarekin egitura bat eraiki behar badut, lan handia izaten da. Etxeko ganbaran egiten ditut lan gehienak, eta batzuetan etxeko egongela ere aprobetxatzen dut. Ez dut espazio handirik behar, baina gauzak ondo planifikatzea ezinbestekoa da, gero emaitza lortu nahi baduzu.
Zuentzat garrantzitsua da egindako lan hori sare sozialetan zabaltzea?
Bai, batez ere publiko gaztearengana iristeko. Guk ahal duguna egiten dugu, bururatzen zaiguna igotzen dugu, baina bideo bat egiteko ere denbora pila bat behar da. Gero editatu egin behar duzu, eta azkenean lan handia da. Guk ondo pasatzen dugulako egiten dugu, eta ikusten dugulako jendeari gustatzen zaiola. Ahal duguna egiten dugu; batzuetan aktiboago eta beste batzuetan mantsoago.
«Erakusleihoa osasunaren inguruan hitz egiteko beste aitzakia bat da»
Eta kanpoan duzuen leihatilatxo hori?
Konturatu nintzen sare sozialetara iristen ez zen jende asko zegoela, batez ere adinekoak. Horregatik, erakusleihoan astero zerbait desberdina jartzea bururatu zitzaidan. Astelehenero aldatzen dut, eta jende asko gelditzen da ikustera. Informazioa, bitxikeriak, jolasak eta txiste txarrak ere jartzen ditut. Aukera desberdinak egiten ditut entretenigarria izan dadin, baina betiere osasunarekin lotutako gaiak lantzeko eta helburu pedagogiko batekin. Oso pozik nago harrerarekin. Batez ere adineko jendeari gustatzen zaio, eta asko eskertzen dute. Batzuetan txiste txarra irakurtzen dute, barre egiten dute eta gurekin komentatzera sartzen dira farmaziara. Azkenean, osasunaren inguruan hitz egiteko beste aitzakia bat da.
Ez zaizkizu ideiak agortzen?
Oraingoz, zorionez edo zoritxarrez, ez. Ideia pila bat etortzen zaizkit. Azkenean, osasunaren inguruan hitz egiteko hainbeste gai daude, bai produktuekin lotutakoak, bai gomendioekin lotutakoak. Oraindik baditut gauza asko egiteko.
Inauterietako kartela ere egin duzu aurten.
Bai, lehenengo urtea izan zen aurkeztu nintzena. Erakusleiho bat egiteko ideia bezala hasi zen. Fitxekin jolas bat egitea eta inauterietako pertsonaiak erabiltzea bururatu zitzaidan. Udan hasi nintzen pertsonaia desberdinak marrazten, eta gero dena prestatzeko epea gainera etorri zitzaidan. Azken astean korrika eta presaka ibili nintzen, nahiz eta lan asko aurreratuta eduki. Ilusio handia egin zidan nire kartela aukeratu izana. Niretzat arrakasta handia izan zen. Berezia izan zen, ez zelako kartel bat bakarrik: jolas bihurtu zen, esperientzia bat. Farmazian ere jarri nituen fitxak, umeek moztu eta jolastu ahal izateko. Aurten ere aurkeztu naiz, ikusiko da zer gertatzen den.
Tolosako beste saltokietako erakusleihoei ere erreparatzen diezu?
Bai, asko erreparatzen diet. Badira asko gustatzen zaizkidan dendak, eta uste dut jendeak ere asko begiratzen dituela erakusleihoak. Hala ere, ez zait iruditzen Tolosan behar beste lantzen den zerbait denik. Ulertzen dut erakusleiho bat prestatzea lana dela, eta dirua ere inbertitu behar dela. Nik neuk egiten ditut, eta materiala erosteko gastua daukat, baina nire denbora ez dut kobratzen. Erakusleihoak egiteko profesional bat kontratatzea, berriz, beste inbertsio bat da. Hala ere, merezi duela uste dut. Azkenean, zure negozioari beste balio bat ematen dio. Jendeak dendara sartu gabe ere ikus dezake zer eskaintzen duzun, zer produktu edo zerbitzu dituzun. Eta, gainera, polita da kaletik zoazela erakusleiho politak ikustea.
Beste saltoki batzuk animatuko zenituzke erakusleihoak gehiago lantzera?
Bai, nire ustez merezi du. Baina ulertzen dut denek ez dutela horretarako denborarik edo dirurik. Inbertsio bat da, eta bakoitzak ikusi behar du zer aukera dituen. Hala ere, aukera izanez gero, nik animatuko nituzke.
Zure farmaziaren ezaugarri nagusietako bat bihurtu dira erakusleihoak. Jendeak ere horregatik ezagutzen zaituzte?
Bai, uste dut jendeak Azpiroz farmaziaz hitz egiten duenean erakusleihoak aipatzen dituela askotan. Agian ez da lehenengo gauza esaten dutena, baina ingurukoen komentarioetan oso presente daude. Eta hori oso polita da niretzat.
