Gastronomia gehigarria

Bertako sagarra eta etxeko giroa

Tolosaldeko Ataria

Oraindik urtea amaitu ez den arren, sagardotegietan txotx egiteko gogoz dago jendea. Hala nabari dute, behintzat, Tolosako Isastegi sagardotegian.

Zenbait dei jaso dituzte otorduetarako erreserbak egiteko, besteak beste aurten aukerarik izan ez duten herritarrenak. Hala ere, atzo hasi ziren erreserbak apuntatzen, eta urtarrilaren 16an hasiko da txotx denboraldia Lasa sendiaren sagardotegian.

Aurtengo sagar-uzta, iazkoarekin alderatuta, kopuruz eskasagoa izan da, bai ezurtea izan delako, baita lehorte eta beroaldiek zuhaitzei erasan dietelako eta zenbait ale behar baino lehen erori direlako ere. Sagardoaren kalitatean, ordea, ez du eraginik izango, eta datorren txotx denboraldian ere, maila goreneko sagardoa izango da Isastegin.

Otorduetarako janari eskaintzari dagokionez, ez da berrikuntzarik. Batetik, ohiko menua izango dute: bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, intxaurrak, irasagarra eta gazta. Horrez gain, zenbait berezitasun ere prestatzen dituzte, hala nola, bakailaoa saltsan eta arkume errea, biak ere aurrez eskatuta.

Isastegiren helburuetako bat da bezeroek sagardotegi giroaz lasai eta modu seguruan gozatzeko. Horretarako, txotx garaian –ostiral iluntzeetan eta larunbat eguerdi eta iluntzeetan– Tolosatik abiatzen den autobus zerbitzua erabiltzeko aukera dute. Otordurako eskaria egiterakoan zehaztu behar da zerbitzua erabili nahi den ala ez.

Zuhaitzetik kupelera, eta dendara
Urtarrilean, denboraldia hasi eta berehala, Txotx. Sagardoaren bidea ikastaroa egin zuten, Tolosako Azokarekin elkarlanean. Sagardoaren prozesua ezagutzeko aukera izan zuten zenbait Azokalagunek. Urtean zehar, Gainberri Kirol Heziketa zentroko Dietetika zikloko zenbait ikasle ere joan ziren sagardotegira, sagardoa nola egiten duten ikastera. Berez, ez dute halako zerbitzu edo esperientziarik eskaintzen, eta aurten ez dute halakorik egitea aurreikusten. Hala ere, talderen batek interesa edo beharra erakutsiz gero, eta denborarekin adieraziz gero, egiteko aukera dute Isastegin. 

Sagardotegian ez ezik, online ere erosi daitezke Isastegi sagardotegiaren produktuak, isastegi.com webguneko Denda atalean. Euskal Sagardoa, Gorenak sagardoa eta Premium sagardoa dituzte salgai, sei botilako kutxetan; Gorenak sagardoa neurri txikiko botiletan eta hamabi botilako kutxetan ere erosi daiteke. Horiez gain, Isastegi sagardo-ozpinaren sei botilako kutxa, eta lau sagardo lata dituen kutxa ere saltzen dituzte. 

  • Ordutegia. Astelehenetik larunbatera afariak: 20:00-00:00.
    Ostiral eta larunbatetan bazkariak: 14:00-18:00.
    Igandeetan itxita.
  • Helbidea. Aldabatxiki auzoa, 15A (Tolosa).
  • Telefono zenbakia. 943 652 964.
  • Webgunea. isastegi.com. 
  • Posta elektronikoa. isastegi@isastegi.com
  • Instagram. @isastegi

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!