2002ko azaroan, Tolosako San Esteban auzoan, babarruna aletu, bereizi, izoztu, ontziratu, etiketatu eta merkaturatzeko pabiloia inauguratu zuten. Bertatik ateratzen dira hain ezagun egin diren babarrun zakutxoak.
Elkartearen helburu nagusiak dira bertako babarruna defendatzea, ezagutaraztea eta bereiztea erruz sartzen den kanpoko babarrunari aurre egiteko. Azken finean, kontsumitzaileari jatorriaren eta kalitatearen ziurtagiria duen produktua eskaini nahi diote, eta, nekazariari, berriz, ordain egokia eta duina eman. Elkarteak bere labore honen ikerketa eta garapena sustatu eta bultzatu nahi ditu. Lan-prozesuetan ezarritako sistema eragileen bidez produktuaren ibilbidea eta kalitatea kontrolatu, eta merkataritza bateratu eta bereizia egiten du, irudi korporatiboaren erabilera zentralizatuz, eta kontsumitzaileen konfiantza hobetuz.
Nola prestatu babarrunak
Babarrun kilo bat erabili, 8 edo 10 pertsonarentzat. Jarri babarrunak lapikoan, urez ondo estalita, su bizian. Irakiten hasten denean, bota 8 koilarakada oliba olio. Utzi beste 10 minutuz irakiten, eta ondoren jaitsi suaren indarra, irakin alai bati eutsiz. Gehitu ur beroa (txorrotakoa) beharrezkoa denean.
2 ordu eta erdi edo 3 ordutik aurrera, joan sua doitzen irakin baxua mantentzeko, eta, nahi izanez gero, eduki babarrunak beste ordu batez (edo gehiagoz ere bai) sutan. Bukaeran, bota gatza, utzi 10 minutuz, eta itzali sua.
- Telefono zenbakia. 943 65 02 53.
- Helbidea. San Esteban auzoa 29, A Laskorain Goikoa Industrialdea (Tolosa).
