Uzturre Foroak 2026an antolatuko duen azken ekitaldian terrorismoaren eta indarkeriaren hiru biktima elkartuko dira: Mikel Paredes, Alberto Muñagorri eta Naiara Zamarreño. Topaketaren gaia Memoria eta bizikidetza: jasandakoa, lortutakoa eta egiteke dagoena izango da. Hitzordua abenduaren 1ean, asteartea, 19:00etan izango da, Topic-en. Abenduaren 10ean mundu mailan ospatzen den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren atariko ekitaldi gisa antolatu du hitzordua.
Mikel Paredes Juan Paredes Manot Txikiren anaia da. Diktadura frankistak 1975eko irailaren 27an hil zuen Txiki, erregimenak fusilatutako azken bost pertsonetako bat. 1982ko ekainaren 26an, Alberto Muñagorrik 10 urte zituela, ETAren motxila-bonba batek hanka bat eta begi bateko ikusmena kendu zizkion Errenterian, eta bizitza osorako ondorioak utzi zizkion. La mochila liburuak haren istorioa kontatzen du. 1998ko ekainaren 25ean, Naiara Zamarreñok 15 urte zituela, ETAk haren aita, PPko zinegotzia, hil zuen Errenterian.
Aintzane Ezenarro kazetariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoko zuzendariak, gidatuko du hiru hizlarien arteko elkarrizketa. Uzturre Foroaren ekitaldi guztietan ohikoa den moduan, bertaratutakoek galderak egin ahal izango dituzte ekitaldiaren hasieran banatuko diren txartelen bidez.
Uzturre Forotik esan dutenez, ekitaldiaren helburua da «jasandako guztiaren bidegabekeria ez ahaztea, lortutakoaren aitortza partekatzea eta memoriaren eta bizikidetzaren arloan egiteko dagoena bistatik ez galtzea. Jasandakoak, lortutakoak eta egiteke dagoenak gure memoria hurbilari buruzko hausnarketa kritiko eta beharrezkoa osatzen dute». Uzturre Foroaren ustez, «iragana lausotzeko edozein asmo edo tentazioren aurrean, arduraz jokatzea argi hitz egitea eta gogoratzea da».
Uzturre Foroak dioenez, gizartearen erronkei eta lehentasunei heltzea du eginkizun: «Memoria eta bizikidetza lehentasunezko erronkak dira etorkizun hobea eraikitzeko. Gertatutakoa aurrez aurre begiratzea eta argi aitortzea da berriro ez gertatzeko bermerik onena. Indarkeriazko erradikalizazio-fenomeno berriak prebenitzeko eta bizikidetzarako hezteko, argi adierazi behar da zer ekarri zuten indarkeriak, terrorismoak eta giza eskubideen urraketa guztiek».
Uzturre Foroak antolatu duen hamabigarren ekitaldia izango da, iazko martxoan sortu zenetik. Ekitaldi horien guztien grabazio osoak Uzturreforoa.eus webgunean eta elkartearen YouTube kanalean ikus daitezke.
Bestalde, Uzturre Foroak gogorarazi du Uzturre Foroaren Adiskideak figura sortu duela, erakundea harekin harremanetan jarraitzeko eta Tolosaldean dituen helburuak babesteko interesa duten pertsona guztiei irekitzeko asmoz. Abenduaren 1eko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dira, nahi duenak izena eman ahal izan dezan.
Uzturre Foroaren Adiskidea izateak ez dakar inolako kuotarik ordaintzea. Ekonomikoki lagundu nahi duenak geroago sortuko den Bazkide figuraren bidez egin ahal izango du. Uzturre Foroaren Adiskidea izan nahi duten pertsonek Uzturreforoa.eus webgunearen bidez eman dezakete izena. Halaber, info@uzturreforoa.eus helbidera idatz dezakete, izen-abizenak, posta-helbidea, e-maila eta telefonoa adieraziz, eta Uzturre Foroaren komunikazioak zein bidetatik jaso nahi dituzten zehaztuz: posta arrunta, e-maila edo whatsapp-a.