Nahikotasun materiala lelopean ari dira egiten Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea. Azaroaren 29ra bitarte egingo dute, eta helburua da herritarrak baliabideen kudeaketa jasangarriaz eta hondakinen murrizketaz kontzientziatzea, eta, besteak beste, produktuen eta materialen berrerabilera sustatzea.
Ekimen horren harira, bigarren eskuko azoka egingo dute datorren larunbatean Tolosako Trianguloa plazan, Ana Yurd taldearen lankidetzarekin; 09:00etatik 14:00etara egingo dute. Postuetan arropa, jostailuak eta bestelako objektuak eskuratzeko aukera egongo da.
Gordailu salmenta
Bestalde, gordailu salmenta ere jarriko dute Trianguloan bertan, 10:00etatik 14:00etara. Gordailu salmenta horretan, herritarrek jada behar ez dituzten objektuak saldu ahal izango dituzte. Horretarako, 09:30etik aurrera, saldu nahi dituen objektuak postura eraman ahal izango ditu herritarrak, eta han utzi, postuan daudenek goizean sal ditzaten. Jabeak berak ezarriko du salneurria; hala ere, kontuan izan behar da helburua ez dela etekin ekonomikoa lortzea, baizik eta etxean alferrik dauden gauzei eta horiek egiteko erabili diren baliabideei aprobetxamendua eta bigarren bizitza ematea baizik.
Behin gordailu salmenta amaitutakoan, objektua saldu bada, jabeari emango diote dirua, eta saldu ez dena bueltan eraman beharko du. Gehienez bost objektu eraman ahal izango ditu herritar bakoitzak, garbi eta egoera onean, eta arropak eta bitxiak ez dira onartuko. Egitasmoaren helburua da jada erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza ematea, eta, hala, kontsumo arduratsua sustatzea.