Asuncioneko enpresa batzordeak ospitalea publifikatzea eta langileen subrogazioa aldarrikatu ditu

Tolosaldeko Ataria

Manifestazioa egin dute Tolosan, Tolosaldearentzat zerbitzu guztiak izango dituen eta % 100 publikoa izango den ospitalea eskatzeko. Egungo klinikaren instalazioak aprobetxatzea eta aukera guztien kostuak aztertzea ere eskatu dute.

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak —LAB eta ELA sindikatuak— deitutako manifestazioa egin dute gaur Tolosan, eskualdeko ospitalearen etorkizunarekiko kezka adierazteko eta osasun-arreta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Triangulotik abiatu den mobilizazioan hiru eskaera nagusi egin dituzte: Asuncion Klinika publifikatzea, klinikan ari diren 380 langileen subrogazioa bermatzea eta zerbitzu guztiak izango dituen eta % 100 publikoa izango den ospitalea egitea.

Babarrunaren festan murgildu da manifestazioa, Tolosa jendetsua zeharkatuz. Manifestariek azaldu dutenez, duela urte asko erabaki zen Tolosaldeak ospitale publiko bat izango zuela, baina Osasun Sailak onartutako Plan Funtzionalak ez ditu langileek eta herritarrek urte luzez aldarrikatutako baldintzak bermatzen. Enpresa batzordearen arabera, aurkeztutako planak osasun-zerbitzuen murrizketa dakar, eta gaur egun eskualdean eskaintzen den zerbitzu-zorroa baino murritzagoa aurreikusten du.

Langileek ospitale berriaren kokapenari buruzko aukera guztiak seriotasunez aztertzea eskatu dute, tartean egungo Asuncion Klinikaren instalazioak erabiltzea. Klinikako egungo jabeak aukera hori planteatu die enpresa batzordeari, langileei, erakundeei eta Osasun Sailari, batzordearen arabera.

«Horretarako, ezinbestekoa da negoziazio-mahai bat irekitzea eta aukera bakoitzaren kostuei eta ondorioei buruzko informazio gardena eskaintzea», adierazi dute.

Enpresa batzordeak nabarmendu du diru publikoaren erabilera eraginkorra bermatu behar dela. Manifestazioan emandako datuen arabera, ospitale berri bat eraikitzeak 130 milioi euroko inbertsioa eskatuko luke; Asuncion Klinika publifikatzeak, berriz, 5,5 milioi euroko kostua izango luke, klinikako zuzendaritzak langile batzordeari jakinarazitakoaren arabera.

Horregatik, aukera guztiak alderatzeko eta egungo instalazioak aprobetxatzeko aukera aztertzeko eskatu diote Osasun Sailari, interes ekonomiko eta politikoetatik aldenduta eta herritarren zein langileen beharrak lehenetsita.

380 langileen subrogazioa

Enpresa batzordearen beste aldarrikapen nagusia Asuncion Klinikako 380 langileen subrogazioa bermatzea da, haien enplegua eta lan-eskubideak babesteko. Langileen esanetan, publifikazioak aukera emango luke langileen etorkizunari buruzko ziurgabetasuna amaitzeko eta urteetan luzatu den gatazkari irtenbidea emateko.

Onkologikoko langileen subrogazioa ere ekarri dute gogora, eta honako galdera egin dute: «Onkologikoko langileak subrogatu badira, zergatik ez Asuncion Klinikakoak?».

Hiru eskaera nagusi egin dizkiote, beraz, Osasun Sailari: Asuncion Klinika publifikatzea, 380 langileen subrogazioa bermatzea eta Tolosaldeko herritarrek behar duten osasun-arreta jasotzeko zerbitzu guztiak izango dituen ospitale % 100 publikoa bermatzea.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak eta EH Bilduk ere bat egin dute manifestazio deialdiarekin. TOPAk eskualdeak ospitale publikorik gabe jarraitzea kritikatu du, eta EH Bilduk, berriz, Tolosaldeak osasun-zerbitzu publiko osoa izan dezan kalera ateratzeko deia egin du.

Manifestazioaren amaieran, herritarrei, langileei eta eskualdeko eragileei osasun publikoaren etorkizunaren aldeko borrokan bat egiteko eskatu diete. Enpresa batzordearen arabera, «bada garaia negoziazioa abiatzeko», herritarren osasun-beharrak eta langileen lan-baldintzak bermatzeko eta guztion intereserako konponbidea adosteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!