Tolosaldeko ospitale publikoa

EAJk Tolosaldeko ospitale berriaren alde egin du, eta hiru galdera plazaratu ditu

Tolosaldeko Ataria

Tolosaldeko eta Andoaingo jeltzaleek Asuncioneko langileentzako «irtenbide bideragarria» defendatu dute; Tolosako Udalak «bere zatia ez duela betetzen» ere salatu dute.

Tolosaldeko eta Andoaingo EAJko kideek jardunaldia egin dute gaur Tolosako Batzokian, eskualdeko osasun publikoaren etorkizuna eta Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren proiektua aztertzeko. Amaieran, Olatz Peonek eta Xarles Iturbek hitz egin dute, jeltzaleen jarrera eta proposamenak azaltzeko.

Olatz Peonek hartu du hitza lehenik, eta EAJk ospitale publiko berriaren alde duen konpromisoa berretsi du. Gogorarazi du 2010etik hona Tolosaldean kezka eta aldarrikapen handia egon direla ospitale-arretaren inguruan: batetik, eskualdeko ospitale publiko berri bat izateko eskaera, eta, bestetik, Asuncion Klinikaren inguruko eztabaida, «behar hori betetzeko aukera gisa alboratuz». Peonen arabera, hasierako aldarrikapen hura hainbat sentsibilitate eta sektorek partekatu zuten, baita Tolosaldeko EAJk ere; azken urteetako norabidea horren adierazle bezala jarri du: «Ez da inorentzat sekretua, jarrera hori Tolosako ezker abertzalearekin lotura zuzena duten erakunde eta pertsonek zuzendu zutela. Nolanahi ere, sentsibilitate ezberdinetako beste pertsona eta sektore askok bat egin zuten kezka horrekin, eta pentsatu zuten zentzuzkoa zela Tolosaldeak Ospitale Publiko bat izatea. Tolosaldeko EAJk ere, bere ekintza politikoa garatzeko duen egiteko moduarekin, helburu beraren alde lan egiten jardun du azken urteetan».

«2023an, Urkullu lehendakariak Tolosalderako Ospitale Publiko berri bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa publikoki defendatu zuen», gogorarazi du Peonek. Ordutik, Alberto Martinez sailburua buru duen Osasun Sailak proiektua gauzatzeko urratsak egin dituela azaldu du. Hala ere, kritikatu du «ospitale publiko berriaren aldeko aldarrikapena egin duten erakunde eta organismo batzuek orain proiektuari bizkarra eman izana, Asuncion Klinika publifikatzea eta langileen % 100 automatikoki subrogatzea eskatzen baitute».

Tolosako Udalari ere zuzendu zaio Peon, EH Bilduren agindupean dagoela gogoratuta. Haren esanetan, «ez du bere zatia betetzen», ospitale berria eraikitzeko beharrezkoak diren Iurreamendiko bi lursail txikiak erosi gabe jarraitzen duelako. Lursail horiek Eusko Jaurlaritzari lagatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du, etorkizuneko ospitalea eraiki ahal izateko.

Hiru baieztapen eta hiru galdera

Xarles Iturbek hartu du ondoren hitza, eta EAJren jarrera hiru baieztapenetan laburbildu du. Lehenik, «bai Tolosaldeko Ospitale Publiko berriari»; bigarrenik, «bai Asuncion Klinikako langileentzako irtenbide bideragarri bati»; eta, hirugarrenik, «bai Tolosaldeari ospitale- eta osasun-zerbitzu onenak eskainiko dizkion osasun publiko bati».

Lehen baieztapena garatuz, Ospitale berriaren ezaugarriak nabarmendu ditu Iturbek: «Proiektu hori datorren legegintzaldian gauzatuko da. Tolosaldeko ESIa osatzen duten 31 udalerrietako 66.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua emango dion Ospitalea. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartutako Plan Funtzionalaren arabera, 107,6 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta Iurreamendin kokatuko litzateke, 8.445 metro koadroko lur-eremuan. Lau solairu izango lituzke sestra gainean eta hiru lurpean; 90 ohe, lau ebakuntza-gela, 50 kanpo-kontsulta, ospitaleetako larrialdia, eguneko ospitalea eta diagnostiko aurreratuko zerbitzuak izango ditu, erresonantzia magnetikoa eta OTA barne. Kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia eta barne-medikuntza espezialitateak izango ditu, baita errehabilitazioa, laborategia, farmazia eta etxeko ospitalizazioa ere. Funtzionatzeko, 500 profesional inguru beharko dira».

Bigarren baieztapenean, Asuncion Klinikako langileen egoeraz hitz egin du. EAJren ustez, erronka da bertan urteak daramatzaten langileei «irtenbide justu eta bideragarri bat» eskaintzea, Osakidetzan lanean ari direnen edo hautaketa-prozedura arrunten bidez sartzeko aukera dutenen eskubideak urratu gabe. Horretarako, Osasun Sailaren proposamena babestu du: aparteko lan-poltsa bat sortzea, Asuncioneko langileei ospitale berrian sartzeko lehentasuna ematea, antzinatasuna aitortzea eta Osakidetzan sartzeko titulazio-baldintzak betetzea.

Hirugarren baieztapenaren harira, Ospitale berria lehen mailako osasun azpiegitura publikoa izango dela azpimarratu dute, «ez bigarren mailakoa».

Hiru baieztapen horiekin batera, hiru galdera ere plazaratu ditu, «kasu bakoitzean, dagokionari zuzenduta». Lehenengoa ospitale publiko berriaren aldeko aldarrikapena egin duten erakundeei eta organismoei egin die: zergatik aldatu dute jarrera hamabost urtez Asuncion Klinika deskalifikatu ondoren, eta zergatik eskatzen dute orain klinika publifikatzea, Ospitale Publiko berriaren proiektuaren aurka agertuz?

Bigarren galdera Tolosako Udalari zuzendu dio. «Zergatik jarraitzen du udalak Iurreamendi eremuko bi lursail txikiak erosi gabe?», galdetu du. Horrez gain, erabaki horrek Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren proiektua babesten ez duela esan nahi ote duen argitzeko eskatu du.

Hirugarrenik, sindikatuei zuzendu zaizkie: «Zein da sindikatuen proposamena, alde batetik, Asuncion Klinikan lanean urteak daramatzatenentzat konponbide justu eta bideragarri bat izango litzatekeena, eta aldi berean, Osakidetzan dagoeneko lan egiten dutenen edo hautaketa prozedura arrunten bidez lanean hastea espero dutenen eskubideak urratuko ez lukeena?».

EAJren arabera, ospitale berria 2032tik aurrera egongo litzateke martxan, eta Donostialdeko ESIari lotuta egongo litzateke. Horri esker, eskualdeko herritarrek Donostia Unibertsitate Ospitalearen konplexutasun handiko baliabideak eta arreta espezializatua eskura izango lituzkete. «Tolosaldeak ospitale-zerbitzu eta osasun-arreta onenak izatea nahi dugu», berretsi dute jeltzaleek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!