Asuncioneko enpresa batzordeak deitutako manifestazioa larunbatean

Tolosaldeko Ataria

Osasungintza publikoaren alde, joan de urtean egindako manifestazioa.

% 100 publikoa izango den ospitalea eta langileen subrogazioa aldarrikatuko dute. TOPAk eta EH Bilduk deialdiarekin bat egin dute.

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak larunbat honetarako greba deitu du. Hiru aldarri nagusi eramango dituzte Triangulotik 12:00etan aterako den mobilizazioan: eskualdeak behar duen ospitale publikoaren alde egitea eta klinika publiko egitea; erietxean ari diren 380 langileen subrogazioa bermatzea, haien enplegua eta lan eskubideak babesteko; eta zerbitzu guztiak izango dituen eta % 100 publikoa izango den ospitalea bermatzea, eskualdeko herritarrek kalitatezko arreta jaso dezaten.

Langileek azaldu dutenez, Asuncion Klinikako arduradun Jesus Gomez Montoyak klinikaren publifikazioa ahalbidetzeko borondatea adierazi die enpresa batzordeari eta klinikako langileei, baita Osasun Sailari ere. Klinika publifikatzea eta egungo instalazioak aprobetxatzea aukera erreal gisa aztertzeko eskatu dute enpresa batzordeko bozeramaileek. «Horretarako, beharrezkoa da negoziazio mahaia irekitzea eta aukera bakoitzaren kostuei eta ondorioei buruzko informazio gardena ematea».

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak bat egin du deialdiarekin. Osasun mapan Tolosaldeak «esperimentu bat» izaten jarraitzen duela esan dute. «Ospitale publikorik gabeko EAEko eskualde bakarra izaten jarraituko al dugu? 2019tik partekatzen eta babesten ez dugun proiektu bat atzeratzen ari dira Tolosaldean».

EH Bilduk ere manifestazio deialdiarekin bat egin du: «Kalera aterako gara eskualdeak behingoagatik bere osotasunean osasun zerbitzu publikoa izan dezan». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!