Xexili Eguna ospatzeko hitzorduak, asteburuan

Tolosaldeko Ataria

Tolosako Udal Musika Bandak antolatuta, herriko lau taldek kontzertua egingo dute bihar, Leidorren. Larunbatean, berriz, kalejira egingo dute, eta Tolosako dultzaineroekin eta erraldoiekin batera ariko dira Plaza Zaharrean.

Azaroaren 22an izango da Xexili Eguna, musikarien zaindariaren eguna. Hori dela eta, urtero moduan, herriko zenbait musikari eta musika taldek, instrumentuak hartu eta saioak egingo dituzte zenbait txokotan. Tolosako Udal Musika Bandaren kasuan, bi hitzordu izango dituzte aurten ere.

Batetik, Xexili Eguneko kontzertua egingo dute Leidor aretoan. Bihar izango da, 19:30ean hasita. Beste urte batzuetan igandez egin izan dute kontzertua; aurten, gainera, igandea izango da azaroaren 22a. Hala ere, iaz bezala, aurten ostiralez egingo dute kontzertua. Bertan, herriko lau taldek parte hartuko dute: Tolosako Udal Txistulari Bandak, Giro Arte dultzainero taldeak, Hodeiertz abesbatzak eta Tolosako Udal Musika Bandak.

Askotariko errepertorioak interpretatuko dituzte lau taldeek. Hodeiertzek, adibidez, Ignacio Mocoroa tolosarraren Neure Maitena abestuko du; 2002ko Tolosako Abesbatza Lehiaketan behartutako obra izan zen. Tolosako Udal Musika Bandak, berriz, joko dituen hiru obretatik bi estreinakoz joko ditu.

Obra berria, dultzainero eta erraldoiekin

Larunbatean izango da musika bandaren aurtengo Xexili Eguneko ospakizunen bigarren hitzordua. Bandak kalejira egingo du 11:00etan Gorriti plazatik abiatuta. Alde Zaharreko kaleetan nahiz erdigunekoetan barrena ibiliko dira, eta 11:45 aldera, Plaza Zaharrean egingo dute geldialdia. Bertan, Tolosako dultzaineroekin eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin elkartuko dira. Izan ere, obra berri bat joko dute dultzaineroekin batera, eta erraldoiek dantzatu egingo dute. Iker Dorronsoro dultzainero belauntzarrak sortutako On Fermin baltsa joko dute. Ez da baltsaren estreinaldia izango, baina lehen aldiz entzungo da bandak eta dultzaineroek interpretatuta. Behin Plaza Zaharreko ekitaldia amaituta, kalejirarekin jarraituko dute, Plaza Berrian amaitu arte.

Egitaraua

  • Azaroak 20, ostirala: 19:30ean Xexili Eguneko kontzertua Leidorren: Tolosako Udal Txistulari Banda, Giro Arte dultzainero taldea, Hodeiertz abesbatza eta Tolosako Udal Musika Banda. Sarrera librea.
  • Azaroak 21, larunbata: 11:00etan kalejiraren hasiera Gorriti plazatik. 11:45ean geldialdia Plaza Zaharrean, eta On Fermin baltsaren interpretazioa Tolosako dultzaineroekin. Erraldoiek dantzatu egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!