Ziklo-krosaren festa hartuko du Tolosak igandean, 200 txirrindularitik gora bilduko dituen probarekin

Tolosaldeko Ataria

Garaje Tolosa Saria – V. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa jokatuko da azaroaren 22an, Iurreamendin. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta, lau lasterketa izango dira, adinaren arabera. Proba zuzenean ikusteko aukera ere eskainiko dute.

Tolosak ziklo-krosa izango du protagonista igande honetan, azaroaren 22an. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta, Garaje Tolosa Saria – V. Pablo Arsuaga Oroimenezkoa jokatuko da Iurreamendin. Bosgarren edizioa izango da, eta parte-hartze errekorra gainditzeko bidean dira antolatzaileak: 200 txirrindularitik gora izango dira irteeran. Iaz, berriz, 140 bat izan ziren.

«Datu oso onak dira, bai, oso onak», nabarmendu du Aitor Aiertzak, Oriako Txirrindulari Eskolako kideak. Bere esanetan, parte-hartzea egutegiko daten eta inguruko beste proben araberakoa izaten da neurri handi batean: «Bezperan Elgoibarko proba dago, eta horrek ere lagundu duela uste dut».

Ibilbide gogorra

Iurreamendiko belardietan jokatuko da lasterketa, eta aurten ibilbidea berriro moldatu behar izan dute. Inguruan egindako obrek eta lur-mugimenduek antola,0tzaileei espazioa kendu diete, eta beste eremu batzuetan bilatu behar izan dute zirkuitua osatzeko aukera. Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da, baina ez da distantzia hutsa izango txirrindularien erronka.

Iaz sartutako zati bereziari eutsiko diote aurten ere: aldapa batean bizikleta sorbaldan hartu eta oinez igo beharko dute parte-hartzaileek. Iaz probatu zuten lehen aldiz, eta Aiertzaren ustez, asmatu egin zuten aldaketa horrekin. «Oso zati polita da, motza da, baina gogorra», azaldu du.

Aldapa horretan bizikletan igotzen saiatzen dira txirrindulariak, baina ezinezkoa dela dio Aiertzak: «Jendea saiatu da elektrikoarekin eta denarekin igotzen, baina ezinezkoa da». Horregatik, bizikleta bizkarrean hartu eta oinez egin beharko dute igoera.

Eguraldiak ere baldintza dezake lasterketa. Azken lanen ondorioz, lurra bigun dago Iurreamendin, eta euria eginez gero lokatz asko sor daiteke. «Nik nahiago nuke euririk ez egitea», aitortu du Aiertzak. «Lurra oso biguna daukagu, eta bizikletarekin asko ibiltzen badira, kristoren lokatza egingo da». Larunbat arratsaldean, gainera, haurren teknifikazio saioak egingo dituzte ibilbidean, eta iganderako eragina izango dute proba horiek.

Ziklo-krosa, ikusgarritasun handiko ikuskizuna

Oriako Txirrindulari Eskolak errepideko txirrindularitzan izan du historikoki jardun nagusia, baina duela bost edo sei urte inguru hasi zen ziklo-krosaren aldeko apustua egiten. Aiertzak azaldu duenez, modalitate hori gustuko zuen txirrindulari talde txiki bat osatu zen, Euskal Herriko eta Burgosko probetan parte hartzen zuena. Haiek proposatu zuten Tolosan ere lasterketa bat antolatzea, eta eskolak probatzea erabaki zuen.

Hasierako lana handia izan zela gogoratu du: «Aurretik lan asko dago; gehienbat, okerrena baimenak dira. Guk hor nolabait zortea dugu,  lurrak Tolosako Udalarenak direlako». Ibilbidea markatu, baimenak lortu eta antolakuntza guztia prestatu behar izaten dute. Hala ere, lasterketa egunean ahaleginak merezi duela uste du: «Oso festa polita da, ikusgarritasunaren aldetik».

Errepideko probekin alderatuta, ziklo-krosak ikusleei gertutik jarraitzeko aukera ematen diela nabarmendu du. «Errepideko lasterketa bat segidan pasatzen da. Hau desberdina da». Gainera, Iurreamendiren kokapenak laguntzen du: «Tolosan herri barruan dago, eta oinez herri guztitik etortzeko aukera dauka jendeak».

Aiertzak sarrera doakoa izatea ere azpimarratu du: «Sarrerarik ordaindu gabe, dena dohainik da. Nik uste dut hori puntu inportantea dela». Horregatik, herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Zuzeneko emankizuna, txosna eta zozketa

Iurreamendira joaterik ez dutenek zuzenean gailuetan ikusteko aukera izango dute, Akhon enpresari esker. Azken urteotan Tolosako enpresaren laguntza izan dute streaming bidezko emankizuna eskaintzeko, eta aurten ere hala egingo dute. Irudiak grabatuta geratuko dira, eta drone bidezko irudiak ere eskainiko dituzte. Aiertzaren hitzetan, horrek «beste puntu bat» ematen dio probari.

Antolakuntzaren gastuei aurre egiteko, txosna jarriko dute egunean bertan, janaria eta edaria eskaintzeko. Gainera, laguntzaileek emandako produktuekin zozketa egingo dute. Aiertzak azaldu duenez, udalaren laguntzaz gain, babesleek ere ekarpen garrantzitsua egiten dute: Garaje Tolosa, Caja Rural, Sukia eta beste hainbat enpresa eta babesle txiki aipatu ditu. «Babesle txikiek ere beren ekarpena egiten dute, eta horrela osatzen da aurrekontua».

Ziklo-krosak ez du garai erraza bizi

Aiertzak ez du ezkutatu Euskal Herriko ziklo-krosak une zaila bizi duela. Kadete mailan parte-hartze handia dagoela dio, baina junior mailatik aurrera beherakada nabari dela, eta elitean eta 23 urtez azpikoetan are zailagoa dela txirrindulariak aurkitzea. «Ziklo-krosetik bizitzea oso zaila da», adierazi du. Gazteak badatozela eta gogoa badutela dio, baina askok errepideko txirrindularitzan jartzen dutela arreta gero. Herbehereetako eta Belgikako ereduari begiratu beharko litzaiokeela uste du, han modalitateak indar handiagoa baitu.

Igandeko hitzorduak, edonola ere, ziklo-krosa gertutik ezagutzeko aukera emango du Tolosan: 200 txirrindularitik gorako parte-hartzea, ibilbide teknikoa eta ikusleentzako doako ikuskizuna izango dira Iurreamendin.

Irteera orduak

  • 09:15 — Masterrak 40/50/60.

  • 10:15 — Kadete neskak eta mutilak.

  • 11:15 — Junior mutilak, open eta junior neskak.

  • 12:30 — Open mutilak: elite, 23 urtez azpikoak eta master 30.

  • 13:45 — Podiuma.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!