Tolosaldea IKTko lau igerilarik Espainiako Txapelketan parte hartu dute

Josu Artutxa Dorronsoro

Tolosaldea IKT klubeko lau igerilariak, Madrilgo igerilekuan.

Absolutu mailako Txapelketa jokatu da Madrilen, 25 metroko igerilekuan; Nahia Garridok zilarrezko lau domina lortu ditu, 20 urtez azpikoen mailan.

Azaroaren 12tik 15era absolutu mailako 59. Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatu zen Madrilen, 25 metroko igerilekuan. Tolosako Tolosaldea IKT taldeko lau igerilarik parte hartu zuten txapelketan: Nahia Garrido, Ilargi Sarria, Igor Arrigain eta Enara Urizar.

Garrido izan zen gehien nabarmendu zen igerilaria. Bost probatan parte hartu zuen, eta lau zilarrezko domina lortu zituen –laurak 20 urtez azpikoen mailan–, horietatik hiru bizkar estiloko probetan. 50 metroko proban bederatzigarren izan zen sailkapen nagusian, 28,13ko denbora eginda; 100 metrokoan hamargarren postuan amaitu zuen, 1.00,53ko denborarekin; eta 200 metrokoan, seigarren izan zen, 2.12,15eko denbora eginda.

Beste zilarrezko domina tximeleta estiloko 50 metroko proban lortu zuen, kasu honetan ere 20 urtez azpikoen mailan. Finalean zazpigarren izan zen, 27,21eko denbora eginda. Proba horiez gain, lau estiloetako 200 metrokoan ere parte hartu zuen Garridok. 14. postuan amaitu zuen, 2.18,13ko denbora eginda.

Tolosaldea IKTko gainerako hiru igerilariak goi mailako lehiaketetan esperientzia pilatzen jarraitu, eta ahal balitz, markak hobetzeko helburuarekin joan ziren Madrilera. Sarriak bost probatan parte hartu zuen. Estilo libreko 50 metrokoan 37. izan zen (26,82), lau estiloetako 100 metrokoan 25. (1.06,61) eta 200 metrokoan 47. (2.28,98), eta bular estiloko 50 metrokoan 52. (34,43) eta 100 metrokoan 62. (1.16,42) postuetan amaitu zuen.

Arrigainek, berriz, hiru probatan parte hartu zuen. Bular estiloko 100 metrokoan 46. izan zen, 1.03,94ko denbora eginda, eta 200 metrokoan 28. postuan amaitu zuen (2.19,69). Hirugarren eta azken proban, lau estiloetako 100 metrokoan, 33. izan zen (57,45). Azkenik, Urizarrek bizkar estiloko 100 metroko proban bakarrik parte hartu zuen, eta 46. izan zen sailkapen orokorrean, 1.05,07ko denbora eginda.

Beñat Bidaola Tolosaldea IKT klubeko prestatzailea izan zen Madrilen lau igerilariekin, eta esan du «lan ona» egin zutela. «Kontuan izan behar da denboraldi hasiera dela, eta txukun aritu dira, nahiz eta hobetzekoak badiren. Dagoeneko lanean ari dira, hurrengo konpromiso nagusiak ondo prestatzeko», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!