Larunbatean babarruna izango da Tolosako protagonista

Tolosaldeko Ataria

Beste urte batez Gure Kaiola elkartean aurkeztu dute Babarrunaren Festa. A. ARROYO ASKARAI

Goizetik eguerdira izango dira azoka berezia, babarrun ekoizleen lehiaketa eta txapelketa gastronomikoa. Iaz jaso zutenaren herena jaso dute ekoizleek aurten.

Lekale beltzaren uzta jaso berriarekin batera ospatuko dute larunbatean —hilaren 21ean— Tolosan Babarrunaren Festa. Udazkeneko hitzorduak ohiko jarduerak izango ditu ardatz, eta goizetik eguerdira Triangulo plazan egingo dituzte hemezortzi postuko azoka berezia zein Tolosako Babarrun Ekoizleen XXXI. Lehiaketa, eta San Frantzisko pasealekuan izango da Gure Kaiola elkartearen XXXVIII. Lehiaketa Gastronomikoa. Horrez gain, ez dira faltako pintxoak eta dastaketak, kalejirak, dantza eta musika. Larunbatean jai giroa nagusituko bada ere, aurkezpenean iragarri dute albiste mikatza: aurten Tolosako babarrunaren uzta 6.000 kilo ingurukoa izan da —iaz 20.000 kilo inguru jaso zituzten—.

Sebas Gartziarena Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteko ordezkariak adierazi du «muturreko beroak erre» egin dituela babarrunaren loreak, eta horrek nabarmen murriztu duela ekoizpena: «Babarrunak gustuko ditu eguzkia eta beroa, baina aurtengoa gehiegizkoa izan da. Alde onari begiratuta, izurriterik ez dugu izan». Gartziarenaren hitzetan «kalitate oneko babarruna» da aurtengoa: «Mamitsua da eta kalitate onekoa; nahiz eta beroaren ondorioz egosterakoan azal gehiago askatzeko aukera egon». 

Babarrun ekoizleak azaldu du beroaldiak ez duela eragin bera izan eremu guztietan: «Kostaldean, besteak beste, itsasoko brisari esker, uzta gutxiago murriztu da. Tolosaldean eta inguruan, ordea, eragin handia izan du». Hari berari tiraka gehitu du klima aldaketaren eraginez aldatzen ari direla babarruna ereiteko eta jasotzeko garaiak ere: «Etorkizunean nork daki Babarrunaren Festa azaroan egiten jarraitu ahal izango dugun. Uztaren bilakaeraren arabera, agian, dataz aldatu beharko dugu hori ere».

Ale beltzaren jokoak

Urtero bezala, ekoizleen eta sukaldarien lana izango da festaren ardatz nagusietako bat. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen XXXI. Lehiaketa 06:30ean hasiko da Triangulo plazan, eta aurtengo edizioan 25 ekoizlek aurkeztu dituzte babarrunak. 

Babarrunik onena noren uztakoa den ebazteko lau adituk osatuko dute epaimahaia, eta 11:00etan hasiko dira platerak dastatzen Andoni Riaño —Alondegia tabernako sukaldeko arduraduna—, Sonia Tapia —Fronton jatetxeko arduraduna—, Mertxe Inza —Babarrunaren Kofradiako kidea— eta Aitor Buendia —La Ruta Slow saioko aurkezlea—. Sariak banatzen 12:45ean hasiko dira Triangulo plazan: irabazleak txapela, garaikurra eta 300 euro jasoko ditu; bigarrenak, garaikurra eta 200 euro; eta, hirugarrenak, garaikurra eta 150 euro.

Eta ekoizleen norgehiagokaz gain, San Frantzisko pasealekuan 08:30ean hasiko da Gure Kaiola elkartearen Tolosako Babarrunaren XXXVIII. Lehiaketa Gastronomikoa. Antolatzaileek nabarmendu dute «harrera bikaina» izan duela: «Izena emateko eskaera kopuru handia dela-eta, zozketa egin behar izan dugu parte hartuko duten 24 bikoteak aukeratzeko». Guztiek ala guztiek Albizturko Alberto Labakaren, iazko ekoizleen lehiaketako garailearen, babarrunak kozinatuko dituzte. 

Babarrunik onenak nork prestatu dituen jakiteko sei lagun izango dira epaimahaian, hain zuzen, Garikoitz Agirre —Larreako sukaldaria—, Ella Bogatir —Asteasuarra tabernako arduraduna—, Naia Ezkerra —Karlatz tabernako arduraduna—, Maider Larrañaga —Arteaga Landetxeko arduraduna—, Jose Luis Peciña —1988ko irabazlea eta Gure Kaiolako arduraduna—, eta Javi Rivero —AMA Tolosa jatetxeko arduraduna—. Plater guztiak prestatu ondoren, 13:30ean banatuko dituzte sariak: irabazleak garaikurra, otarrea eta 400 euro jasoko ditu; bigarrenak garaikurra, otarrea eta  200 euro; eta, hirugarrenak, garaikurra, otarrea eta 100 euro. Horrez gain, emakumezko parte-hartzaile onenarentzako sari berezia ere izango da —100 euro eta garaikurra—, eta Tolosaldeko lehen sailkatuak 100 euroko erosketa txekea ere jasoko du Tolosa&Co elkartearen eskutik. Azken bi sari horiek bateragarriak izango dira sari nagusiekin.

Dastatzeko eta erosteko

Lehiaketez gain, azoka berezia ere egingo dute larunbat goizean Tolosako Triangulo plazan. 09:00etatik 14:00etara hemezortzi postu izango ditu merkatuak, eta babarrunarekin batera, herritarrek aukera izango dute sakramentuak eta bestelako elikagaiak zein produktuak eskuratzeko.

Azoka bakarrik ez, ohi bezala, uzta berriko babarrunak dastatzeko aukera eskainiko du Tolosako Babarrunaren Kofradiak, 12:00etan banatuko baitituzte pintxoak. Eta «elkartasunerako tartea» ere izango da larunbatean gastronomiaren eskutik, hain zuzen, Gure Kaiola elkartean txanpiñoi mokadu solidarioak eskainiko ditu San Frantzisko pasealekuan, eta Gregorio Mancisidor Gure Kaiola elkarteko presidenteak azaldu du bildutako dirua Ibarratik Misio Taldea gobernuz kanpoko erakundearentzat izango dela: «Horrela, lehiaketa gastronomikoaren inguruan sortzen den giroa elkartasun ekimen batekin uztartuko dugu aurten ere». 

Herri bete festa

Jarduera gastronomikoez gain, Babarrunaren Festaren barruan jai giroz blaituko dituzte herriko beste zenbait gune ere. Hain zuzen, 11:00etan Gernikako Arbola lorategitik abiatuko dira erraldoiak eta buruhandiak, eta kalez kale ibiliko dira segidan. 

Horrez gain, 12:00etan dantza erromeria ibiltaria egingo dute elkarlanean Tolosako Udaleko txistulariek eta Udaberri Dantza Taldeak. Festa giroa Alde Zaharrean hedatzea helburu, Triangulo plazatik abiatu eta kalejiran ibiliko dira, besteak beste, Lopez Mendizabal pasealekuan, Plaza Zaharrean eta Plaza Berrian. Eta goizeko jardueretatik harago, arratsaldean zein gauean ere izango da festarako aitzakia. Jainekin txaranga 17:00etan hasiko da Alde Zaharreko kaleak girotzen, eta Kalean txarangak, berriz, 20:00etan hasiko du jarduna. 22:30ean hasiko da Plaza Berrian Muxutruk taldearen kontzertua, eta 00:30ean atzera hartuko dituzte instrumentuak Kalean txarangakoek.

Ekoizleak ardatz

Babarrunaren Festa elkarlanean antolatzen dute Tolosako Udalak, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Elkarteak, Babarrunaren Kofradiak, Gure Kaiola elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du Tolosako «gastronomiaren eta kultur ondarearen» erakusgarri dela ospakizuna: «Tolosarron nortasunaren eta herriko eragileen arteko elkarlanaren adierazle da. Baina ospatzeaz gain, gure babarrunaren etorkizuna bermatzeko lan egin behar dugu». 

Bestalde, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan du Babarrunaren Festak ahalbidetu duela babarruna «erreferentziazko produktu» bihurtzea, eta hitzordura joateko garraio publikoa erabiltzeko deia ere luzatu du: «Aukera eroso, seguru eta jasangarriena da; eta, gainera, tolosarrei eragozpen gutxien sortuko diena». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!