Bertsoek girotu dute Iurreamendi egoitza

Adin-Adin egitasmoaren barruan, Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek saioa eskaini dute, Tolosako Iurreamendi egoitzan.

Giro ederra izan zen atzo Tolosako Iurreamendi egoitzan. Izan ere, Adin-Adin egitasmoaren barruan, Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek bertso saioa eskaini zuten. «Adinekoen egoitzetako egoiliarren bizi kalitatea hobetu eta bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea» helburu duen egitasmoa da Adin-adin, eta Lankuk antolatzen du.

«Hamar urtez jarraian garatu genuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Adin-Adin egitasmoa, eta 2024an Gipuzkoako 30 egoitzatan bertso saioak egitera iritsi ginen. Gero, ordea, Aldundiak arrazoi jakinik adierazi gabe, ez du berriro lehiaketara atera egitasmoa eta itopuntuan dago», azaldu du Marta Agirrezabala Lanku kultur zerbitzuetako marketin koordinatzaileak. Bi urteko etenaldiaren ostean, eta hutsunea handiegia izan ez zedin, entitate pribatuen atea jotzen hasi eta egitasmoa berreskuratzea lortu dute, Laboral Kutxa Fundazioaren babesari esker.

Hala, Tolosakoarekin batera, beste hiru saio egingo dituzte Gipuzkoan, azaroan zehar. Azaroaren 13an, Azpeitiko San Martin egoitzan izan ziren Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Eneritz Artetxe bertsolariak, eta azaroaren 25ean bi saio izango dira; 11:00etan, Arrasateko Iturbide egoitzan ariko dira Ane Zuazubiskar eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak, eta 17:30ean, Donostiako Zorroaga egoitzan Amaia Iturriotz eta Andoni Egaña izango dira.

Bizkaian eta Nafarroan ere egitasmoa sendotzen

Bizkaian eta Nafarroan ere aurrera jarraitzen du adinekoen egoitzetan bertsoa sustatzeko lanak. Bizkaian, hirugarren urtez jarraian antolatu dira bertso saioak lurraldeko 11 egoitzatan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Nafarroan, berriz, bigarren urtez egin dira saioak Euskarabidearen babesari esker, eta zazpi bertso saio antolatu dituzte.

Hiru lurraldeetako egitasmoek helburu bera dute: bertsoa eta euskarazko kultur eskaintza adinekoengana gerturatzea, egoitzetako egunerokoan bizipen kultural partekatuak sortzea eta bertsolaritzaren bidez euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!