Larunbatean, Gimnastika Erritmikoko V. Taldekako Nazional Mailako Batistana Torneoa jokatu zen El Chorrilloko (Tenerife, Kanaria uharteak) Leticia Batista kiroldegian. Azaroaren 19tik 22ra Cartagenan jokatuko diren oinarrizko mailetako Espainiako Txapelketetarako eta absolutu mailako Espainiako Kopako azken prestaketak egiteko baliagarria izan zen.
500 gimnasta baino gehiagok parte hartu zuten, tartean, Tolosa CF Gimnastikako Tolosa CMO Valves taldeek. Oso emaitza onak lortu zituzten tolosarrek. Jubenil eta kadete mailako taldeak txapeldun izan ziren norbere kategorian; kadeteek, gainera, txapelketa guztiko nota altuena jaso zuten. Lehen Mailako taldeak, aldiz, ez zuen esperotako puntuazioa lortu.
Tolosa CF Gimnastikako prestatzaileak «oso pozik eta harro» daude gimnastek erakutsitako mailarekin eta lortutako emaitzekin. «Duten kalitatea erakutsi dute saio guztietan, baita kirol honetan hazten eta gozatzen jarraitzeko duten gogoa ere. Lan, konstantzia eta dedikazio handia dago emaitza horien guztien atzean», azaldu dute.

