Tolosa&Co saritu dute saltokiak sustatzeko jardunagatik

Tolosaldeko Ataria

Joan den martxoan egin zuen Tolosa&Co elkarteak Braderie azoka. J. ARTUTXA

Espainiako Barne Merkataritza Sarietan jaso du aipamena Tolosako merkatari txikien elkarteak. 

Tolosa&Co merkataritza elkartea saritu dute Espainiako Barne Merkataritza Sarietan. Tolosako elkarteak sari nagusia irabazi ez badu ere, accesita [sariaren hurrengo mailako aitormena] jaso du Merkataritza Gure Irekien arloan.

Kategoria horretan kontuan hartzen dituzte asoziazionismo komertziala, eta gertuko merkataritza bizirik zein lehiakor mantentzeko gaitasuna. Hori horrela, lau arlo nagusi baloratzen dituzte, hain zuzen, elkartearen kudeaketa eta profesionalizazioa, elkartekideei ematen dizkieten zerbitzuak, saltoki txikiak sustatzeko gaitasuna eta bisitariak erakartzeko ahalmena. 

Aipamenaren arrazoiak

Tolosa&Co elkartea saritu dute, hain zuzen, hainbat ekimen antolatzen dituelako tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzeko. Ekimen horien helburuak dira, besteak beste, saltoki txikien digitalizazioa, jasangarritasuna eta dinamizazio komertziala sustatzea. Eta elkarteak antolatzen dituen jardueretako batzuk dira moda desfilea, Braderie azoka eta sustapen kanpainak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!