ERREPORTAJEA

Bonbereneak pailazoak maite dituenean

Mertxe Rodriguez, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Patxi Muñoa. A.I.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen irudiak edonon aurki daitezke Bonberenearen egoitzan. Haien ibilbideek lotura estua dute, eta lotura horretatik sortu da azaroaren 26an aurkeztuko duten ekimena: 'Bonbereneak maite zaituzte!'. Euskal Herriko hogei musika taldek eta abeslarik pailazoen kantak berrinterpretatu dituzte disko bikoitz batean.

Tolosako Bonberenean ez dira arrotzak Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Urteetako harremana dute elkarrekin, eta lotura hori ez da musikara edo lankidetza profesionaletara mugatzen. Herrigintzaren, kulturaren, euskararen eta elkarrekiko maitasunaren inguruan eraikitako harremana da. Horregatik, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez pailazoei omenaldia egiteko ordua iritsi dela erabaki dute Bonbereneako kideek. Patxi Muñoarekin batera, harreman honen nondik norakoak eta urte hauetan guztietan elkarrekin bizitakoak izan dituzte hizpide.

Omenaldiak izen esanguratsua du: Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bonbereneak maite zaituzte. Eta ez da hitz joko hutsa. Sentimendu horrek zeharkatzen du proiektu osoa, eta disko bikoitz batean gauzatu da. Euskal Herriko hogei musika talde eta abeslari ezagunek Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantutegiko abesti bana hartu eta euren erara moldatu dute. Pailazoen unibertsoa beste musika hizkuntza batzuetara eramateko ariketa da, baina baita haien ibilbideari egindako aitortza kolektiboa ere.

«Ibilbide bati errekonozimendua egitea da asmoa», azaldu du Patxi Muñoa Bonbereneako kideak. Eta aitortza nork egiten dien ere bada garrantzitsua: urte luzez haiekin harremana izan dutenek, haien lana gertutik ezagutzen dutenek eta, azken batean, maite dituztenek. Horrek guztiak hunkitu egin ditu hiru protagonistak. Izan ere, azken urteotan jasotzen ari diren maitasun adierazpenak ez dira oharkabean pasatu. «Eskertzen da maite gaituztela sentitzea», adierazi dute.

 

Patxi Muñoa (Bonberenea): «Ibilbide bati errekonozimendua egitea da gure asmoa»

 

Baina opariaren atzean lan handia dago. Hogei talderengana jotzea, bakoitzari abesti bat proposatzea, aukeraketak egitea, grabaketak koordinatzea eta proiektu osoari batasuna ematea ez da egun batetik bestera egiten den lana. Patxi Muñoak eta Bonbereneako gainerako kideek egindako ahalegina nabarmendu dute pailazoek. «Atzean daukan lana ikaragarria da», azpimarratu dute. Bertsio bat egitea erraza dirudi kanpotik begiratuta, baina artista bakoitzak bere egin behar du abestia, eta horrek denbora, sormena eta konpromisoa eskatzen ditu.

Gainera, aukeratutako abestiak ez dira nolanahikoak. Pailazoen kantutegian oso ezagunak diren piezak daude, hainbat belaunaldiren oroimenean iltzatuta geratu direnak. Horiek beste estilo batera eramatea erronka handia da. «Abesti ezagun batzuei forma berria ematea eta norberaren estilora ekartzea ez da hain erraza», azaldu dute. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen musika ez dago estilo jakin bati lotuta; familia giroko publiko batentzat sortua da, eta, hain zuzen ere, horrek ematen dio proiektuari berezitasuna. Musikari bakoitzak bere nortasuna erantsi behar izan dio jatorrizko piezari, haren esentzia galdu gabe.

Pailazoek oraindik ez dituzte bertsio guztiak entzun, baina orain arte jasotakoek harritu egin dituzte. Abesti ezagunak beste belarri batzuekin entzuteko aukera izango dute, eta emaitzak oso bestelakoak dira. Bertsioetako batzuk jatorrizkoetatik urrun joan dira, baina horixe da, hain zuzen ere, egitasmoaren aberastasuna: abesti bakoitzak beste bizitza bat hartzea. «Oilo-ipurdia jartzen zait», diote, entzundako lanen aurrean sentitu duten zirrara azaltzeko.

Bertsioek, gainera, pailazoen unibertsoa beste publiko batzuengana eramateko aukera emango dute. Haien kantak txikitatik entzun dituztenek orain beste modu batean ezagutuko dituzte; eta, agian, orain arte haien musikara gerturatu ez diren entzuleek ere deskubrituko dituzte. Pailazoek 40 urte inguruko ibilbidean jarraitzaile gazteak eta helduak bildu dituzte, eta diskoak belaunaldi horien arteko zubia eraikitzeko balio dezake. Belaunaldi bateko eta besteko musikariak elkartu dira, eta horrek ere badu bere esanahia.

Abestien aukeraketak, bestalde, oroitzapen bereziak ekarri dizkie hiru protagonistei. Adibide bezala, Donostiako piraten inguruko abestia gogoratzen du Joxe Mari Agirretxek: «Abordatzera, nik uste, piratei eskaini genien lehen kanta izan zela. Guk sortu genuen letra eta Xabi Zabalak jarri zion musika. NaizPresidentek nola hartu duen abordatze hori eta zer-nolako bertsioa egin dion… izugarria da». Hirurak, beste behin, ados agertu dira kantuek hartu duten biziberritzearekin.

Herrigintzan, elkarrekin

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eta Bonbereneako kideen arteko harremana, ordea, diskoetatik harago doa. Bien arteko lotura ulertzeko, atzera egin behar da, bakoitzaren ibilbidearen hastapenetara. Pailazoek gaztetxeekin lotura estua izan dute betidanik. Lasarte-Orian ere gaztetxearen inguruan ibili ziren, eta han sortu zituzten gerora beren lanaren oinarri izango ziren harreman eta esperientzietako batzuk.

Aiora Zulaikak bereziki gogoan du Mertxe Rodriguezekin izandako lehen harremana. «Nire lehendabiziko antzerki irakaslea Mertxe izan zen», gogoratu du. Antzerkiaren inguruan elkartzen ziren, eta garai hartako esperientziek gerora garatuko zuten ibilbidean izan zuten eragina. Herrigintzatik eta kulturarekiko konpromisotik datozen pertsonak dira, eta hortik Bonberenea, urrats bakarra dago.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots: «Guretzat oso hurbil dago, eta ateak beti zabalik izan ditu [Bonbereneak]»

Duela ia 30 urteko okupazioaren ondoren sortutako proiektuak, urte hauetan guztietan kulturaren adierazpen ugari hartu ditu bere gain: kontzertuak, hitzaldiak, zinema, sukaldaritza ikastaroak, dantza eta beste hainbat jarduera. Eta hori guztia autogestioaren bidez. Pailazoentzat, Bonberenea ez da musika grabatzeko edo jarduerak antolatzeko espazio hutsa. Beste kultura eredu baten erakusgarri da, ateak zabalik dituen eta herriko zein kanpoko sortzaileei lekua egiten dien gunea.

«Guretzat oso hurbil dago, eta ateak beti zabalik izan ditu», azaldu dute. Hurbiltasun horrek erraztu egin du urte hauetan guztietan elkarlanean aritzea. Bonberenea eta pailazoak elkarrekin aritu dira hainbat proiektutan, eta harreman horren emaitzak diskoetan, bideoetan eta bestelako ekimenetan ikus daitezke.

Bonbereneako ateak zabalik izateak badu esanahi berezia haientzat. Ez da soilik kultur sortzaileei eskaintzen zaien aukera. Elkarrengandik ikasteko, esperientziak partekatzeko eta komunitatea eraikitzeko modua ere bada. Pailazoek ondo ezagutzen dute gaztetxeen mundua, eta urte hauetan Euskal Herri osoko gaztetxeekin izan duten harremana ere aipatu dute. Gasteizko, Lizarrako, Zizur Nagusiko, Donostiako, Baionako eta Hendaiako gaztetxeak, besteak beste, beren ibilbidearen parte izan dira. «Euskal Herri osoko gaztetxeetan» aurkitu dute harrera eta babesa, eta leku horiekiko duten maitasuna nabarmendu dute.

Bonberenearekin egindako lanaren lekuko dira, gainera, bertan grabatutako hiru disko berezi. Pailazoek beren diskografian leku propioa duten hiru lan dira, bakoitza bere izaerarekin eta helburuarekin. Horietako bat txarangarekin egindako elkarlana da; bestea, Trebiñuri eta Argantzun Ikastolari eskainitako elkartasun proiektua; eta hirugarrena, Borobilean diskoa.

Txarangarekin egindako lana bi proiektu maiteren arteko topaketa izan zen. Pailazoen kantak eta txarangaren indarra uztartu zituzten, eta Tolosako kaleetan ere izan zuten emaitza entzuteko aukera. Kalejiretan eta ospakizunetan partekatu zuten esperientzia, eta bereziki hunkigarria izan zen belaunaldi desberdinetako musikariek elkarlanean jardutea. Pailazoek ikusi dute haien kantak hartu dituzten gazteak entseatzen, partiturak prestatzen eta abestiak txarangaren hizkuntzara eramaten. Haientzat, hori da kultur transmisioaren adibide garbia: ume zirela entzundako abestiak orain musikari gazteek jotzea.

Trebiñuri eskainitako diskoak, berriz, elkartasuna izan zuen abiapuntu. Argantzun Ikastolari laguntzeko sortu zuten, eta bildutako dirua ikastolarentzat izan zen. Hango eta hemengo musikarien eta sortzaileen arteko elkarlana izan zen. Trebiñuren egoera eta historia ezagutarazteko aukera ere eman zien egitasmoak. «Askok ez dugu ezagutzen Trebiñu», gogoratu dute. Diskoaren aitzakian, bertara joan, hango errealitatea ezagutu eta erreportaje bat grabatu zuten. Musikak, beraz, elkartasunerako eta errealitate jakin batzuk ikusgarri egiteko balio izan zuen.

Hirugarren lanak, Borobilean izenekoak, bestelako izaera du. Pailazoek 30 urte bete zituztenean sortu zuten, eta elkarbizitzaren inguruko gogoeta bat proposatzen du. Borobilean esertzea, elkarri begiratzea eta hitz egitea. Horixe da diskoaren ideia nagusia. «Elkarrekin eseri, elkarri begira eta elkarrekin partekatu», azaldu dute. Bizitzako kezkak, pozak, ezinak, ametsak eta amorruak partekatzeko beharra aldarrikatzen dute.

Gaur egungo gizartean, presak eta inkomunikazioak gero eta leku handiagoa dutela uste dute. Telefonoen eta eguneroko betebeharren artean, gero eta zailagoa egiten da elkarrekin egoteko denbora hartzea. Horregatik, borobilean esertzea ez da irudi sinboliko hutsa. Bizikidetza lantzeko modu bat da, eta etxean, eskolan, taldean nahiz herrigintzan aplikatu beharrekoa.

«Nork agintzen du familian, kalean eta eskolan?», galdetzen dute. Galdera horren bidez, erabakitzeko moduari, botere harremanei eta elkarbizitzari buruzko hausnarketa proposatzen dute. Haien ustez, komunitate txikietatik eraikitzen da komunitate handiagoa. Norberak bere burua ezagutu, ingurukoekin konfiantza hartu, harremanak sortu eta sareak osatu behar dira. Hortik abiatuta egin daiteke munduari ekarpena. Euskal Herria ere komunitate txikiz osatutako komunitatea dela diote.

Euskara, ardatz eta zubi

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ibilbidea ezin da ulertu euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena kontuan hartu gabe. Hasieratik izan dute hizkuntza ardatz, eta ez dute inoiz ahaztu hiru belaunaldiren arteko transmisioan duten erantzukizuna. Haien lana ez da haurrei abestiak eta ipuinak eskaintzea bakarrik izan. Euskarara gerturatzeko bide bat ere zabaldu dute, baita hizkuntzarekin harreman gutxiago zuten pertsonentzat ere.

Urte hauetan guztietan, saioen ondoren haiengana hurbildu diren askok euskaraz ikasten ari direla kontatu diete. Batzuek oso gutxi zekiten, baina pailazoen kantuen eta ipuinen bidez hizkuntzarekin harremana sortu eta landu dute. «Zenbat jendek esan digu hori», gogoratu dute. Haurrentzat ez ezik, helduentzat ere izan dira erreferente.

Euskararen aldeko lan hori ez dute hizkuntza eremu euskaldunetara mugatu. Euskal Herriko errealitate linguistiko desberdinetara egokitzen saiatu dira beti, eta hizkuntzaren ezagutza maila edozein izanda ere, gertutasuna bilatu dute. Batzuetan, haurrek hitz gutxi batzuk baino ez zituzten ulertzen; hala ere, abestien, dantzen, koloreen eta jolasen bidez parte hartzen zuten. Horixe zen helburua: lehen haziak ereitea.

Horregatik, disko bikoitz honetako musikarien zerrendak ere badu garrantzia. Belaunaldi eta estilo desberdinetako artistak bildu dira, eta horrek pailazoen ibilbidearen zabalera erakusten du. Haien kantak entzunez hazi diren musikariak daude tartean, baina baita beste musika mundu batzuetatik datozenak ere.

Hori guztia jasotzen duen disko bikoitza Bonberenean grabatu eta landu dute. Ez da soilik abestien bilduma bat. Urteetako harremanaren emaitza da, eta bertan biltzen dira elkarrekin egindako lanaren arrastoak, oroitzapenak eta emozioak. Omenaldiaren antolatzaileek, gainera, grabaketez harago joan nahi izan dute: aurkezpen egunean proiektuaren inguruko ikus-entzunezko materiala eta zuzeneko emanaldi bereziak ere izango dira.

Azaroaren 26an egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bonbereneak maite zaituzte diskoaren aurkezpena, Tolosako Bonberenean. Egun horretarako prestatu duten saioak hainbat kolaboratzaile eta musikari bilduko ditu. Baina hitzorduak dagoeneko erakutsi du proiektuak piztu duen interesa: sarrerak agortuta daude.

Bonbereneak pailazoak maite dituenean, horrelakoak sortzen dira.

 

'PIRRITX, PORROTX, MARIMOTOTS, Bonbereneak maite zaituzte' disko bikoitza

Tracklist:

LP1
  1. Ama say – Aberatsa naiz.
  2. Zea Mays – Belekoi anderea.
  3. Rodeo – Muxutruk.
  4. La furia x DZ – Pirata alferrak.
  5. Gailu – Auri tanta.
  6. Gorka Urbizu – Irri egiten duenari.
  7. Ezpàlak – Ostirala iritsi da.
  8. Don condor & Doña alacran – Kilkerraren gau kantua.
  9. Sofa – Musua.
  10. Galder – Plastiker.

LP 2

  1. Arima – Alea tita konba.
  2. Anestesia – Ez gaude salgai.
  3. Lepora – Nahiago dut.
  4. Dena – Gorriti aztia.
  5. Lisabö – Maite zaitut.
  6. Fermin Muguruza eta estraperlistak – Nire kabuz baita ere.
  7. Mursego – Marimore.
  8. NaizPresidente – Abordatzera.
  9. Bertzesfer – Gure esku dago.
  10. Ekiza – Koloretako maleta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!