XIII. Soroaren Oroimenezkoa Txapelketan, multzoak erabakita

Tolosaldeko Ataria

Atzo jokatu zituzten Beotibar frontoian txapelketako aurre-kanporaketetako azken neurketak, eta dagoeneko zehaztuta daude hiru mailetako A eta B multzoetan lehiatuko diren bikoteak.

XIII. Soroaren Oroimenezkoa afizionatuen eskuz binakako pilota txapelketak aurrera jarraitzen du. Atzo izan zen Tolosako Beotibar frontoian aurre-kanporaketetako bigarren eta azken jardunaldia, B multzoetarako sailkapena lortzeko. Hiru mailatan banatuta ari dira jokatzen txapelketa, eta dagoeneko zehaztuta daude promesen, Lehen Mailako eta eliteen kategorietako A eta B multzoetako bikoteak.

Promesa mailan, Zabaleta-Salaberria (Buruzgain-Irurtzun) bikoteak 18-8 irabazi zion Landa-Castro (Aurrera KE-Tolosa) bikoteari, 41 minutu iraun zituen partidan. Guztira, 362 pilotakada jo zituzten. Irabazleak 10-3 aurreratu ziren, baina lau tanto jarraian eginda, hiru tantora gerturatu ziren galtzaileak: 7-10. Handik aurrera, tanto bat gehiago bakarrik egin zuten. Zabaleta izan zen pilotari onena; zortzi tanto egin zituen, aurkariek galdu zituztenak bezainbeste.

Lehen Mailan, Uriarte-Segurola (Lezama-Tolosa) bikoteak 22-13 irabazi zion Ibarra-Galarza (Eibar-Larraun) bikoteari, 47 minutu iraun zituen neurketan. Guztira, 367 pilotakada jo zituzten. Uneoro markagailuan aurretik izan ziren irabazleak, eta 14-5 aurreratu ondoren, aldea mantentzea lortu zuten amaierara arte. Uriarte izan zen jokalari onena, zortzi tanto egin eta bi galduta; gainerako pilotariek tanto dezente galdu zituzten.

Azkenik, elite mailan, Ramirez-Azpiroz (Kurene-Irurtzun) bikoteak 22-18 irabazi zion Arribillaga-Canseco (Lagunak-Barberito I) bikoteari, 58 minutuko iraupena izan zuen partidan. Guztira, 543 pilotakada jo zituzten. Irabazleak 6-0 aurreratu baziren ere, 13nako berdinketara arte parekotasuna izan zen markagailuan. Bigarren zatian, irabazleek aldea zabaltzea lortu zuten, garaipena lortzeko. Arribillaga-Canseco bikoteak 14 tanto galdu zituen.

Hiru bikote irabazleek azaroaren 28an jokatuko dituzte B multzoko lehen jardunaldiko partidak Beotibarren. 16:30ean hasiko da jaialdia, eta honakoak izango dira partidak:

  • Promesa maila: Izagirre-Olano vs. Zabaleta-Salaberria.
  • Lehen Maila: Sarasibar-Gorostidi vs. Uriarte-Segurola.
  • Elite maila: Lizeaga-Apeztegia I vs. Ramirez-Azpiroz.

Larunbat honetan, berriz, A multzoko lehen jardunaldiko partidak jokatuko dituzte. 16:30etik aurrera, ondorengo neurketak izango dira Beotibarren:

  • Promesa maila: Sagastibeltza-Elola vs. Madina-Carrera.
  • Lehen Maila: Cestau-Ormaetxea vs. Ibarluzea-Goiburu.
  • Elite maila: Etxeberria-Sotil vs. Alberdi-Balerdi.

Abenduaren 20ra bitarte, astebururo izango dira multzoen faseko partidak Beotibarren, larunbat edo igandeetan. Multzo bakoitzetik bi bikote onenak sailkatuko dira finalerdietara, eta abenduaren 27an eta urtarrilaren 2an jokatuko dituzte finalera sailkatzeko partidak. Finalak, berriz, urtarrilaren 9an izango dira. Jaialdiak 16:30ean hasiko dira, eta maila bakoitzeko partida bana jokatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!