Sokadantza Palestinaren alde

Tolosaldeko Ataria

Palestinaren Astearen barruan Tolosako hainbat musikari kalejiran aritu dira goizean zehar, eta eguerdian Plaza Zaharrean elkartu dira palestinar doinuekin sokadantza egiteko.

Palestinari elkartasuna adierazi eta bertako egoeraren inguruko kontzientzia zabaltzeko helburuz Palestinaren Astea ospatu dute Tolosan azken egunetan. Nur Abusama eta Ahmed Hadda Tolosan bizi diren palestinarrek sustatu dute ekimena, herriko zenbait musikariren, eragileren eta udalaren laguntzarekin. Bada, gaur du azken eguna Palestinaren Asteak, eta goizeko protagonistak musika eta elkartasuna izan dira.

Batetik, Trianguloan elkartasun-merkatu palestinarra jarri dute, eta besteak beste, Palestinako produktuak eta tailerrak izan dira. Bitartean, goizean, zehar, herriko musika talde eta kantariak kaleetan zehar aritu dira euren doinuak zabalduz. Udaberri dantza taldeko dantzari eta musikariak, herriko txistulariak, Isidro Larrañaga musika-eskolako trikitilariak edota Hodeiertz abesbatzako kideak aritu dira kalez kale.

Horiek guztiak Plaza Zaharrean elkartu dira eta sokadantza dantzatuz elkartasuna adierazi dioteko herri palestinarrari. Nur Abusama eta Ahmed Haddad palestinarrek Ruh Duo bikoa osatzen dute, eta euren musikaz lagunduta dantzatu dute. 

Sokadantzaren aurretik Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak, ekimenaren sustatzaileei eta parte-hartzaileei eskerrak ematearekin batera, udalak Palestinaren alde onartutako adierazpena irakurri du. Bertan, besteak beste, gogoratzen da hiru urte bete direla Israelek Gazako zerrendaren aurkako erasoaldi militarra areagotu zuenetik. Gazako Osasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, 73.000 palestinar baino gehiago hil dira Gazan, eta 170.000 baino gehiago zauritu dira. Gainera, UNICEFek 2026ko ekainaren amaieran kalkulatu zuen, gutxienez, 21.700 haur hil eta 45.000 inguru zauritu zituztela. Suntsiketa materialari dagokionez, Nazio Batuen UNOSAT zentroaren arabera, 2026ko erdialderako, Gazako egituren % 82 kaltetuta zeuden Israelgo erasoen ondorioz, eta 134.000 egitura baino gehiago, berriz, erabat suntsituta. Israelek eragindako suntsiketa horren kalteak konpontzeko 71.000 milioi dolar beharko lirateke, Nazio Batuek, Europar Batasunak eta Munduko Bankuak elkarrekin egindako ebaluazioaren arabera.

Adierazpenak dio hiru urte igaro ondoren, ezinbestekoa dela Gazako suntsiketa, okupazioa eta asentamenduen hedapena amaitzeko eskatzen jarraitzea, baita hamarkadak daramatzan Palestinako herriaren aurkako apartheida amaitzea ere. «Biztanleria zibila babestea, genozidioari amaiera ematea, nazioarteko zuzenbidea betetzea, legez kanpoko asentamenduak desegitea eta Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea benetan gauzatzea ezinbesteko baldintzak dira bake justu eta iraunkorra lortzeko». «Gora Palestina askatuta!» oihukatuz borobildu du hitzartzea Tolosako alkateak.  

Nur Abusama eta Ahmed Hadda palestinarrek esker hitzak izan dituzte euskal herritarrentzat eta bereziki tolosarrentzat. «Bihotza goxatu zigun ikusteak Euskal Herriak Palestinari ematen dion elkartasuna eta laguntza». Bestalde, Palestinaren Astea amaierara iritsi dela, baina Palestinan gertatzen ari denak ez duela amaierarik eta herritarrei eskatu diete elkartasun horrekin jarraitzeko, Palestina libre izan arte, eta mundu mailan ez dadila egon ume erailik, emakume bortxaturik edo herri zapaldurik.

Ondoren ekitaldiko une hunkigarrienetakoa bizitu da Plaza Zaharrean, bi palestinarrek Mikel Laboaren Txoria txori abestu dutenean, eta bertaratu diren herritarrak kantuan batu direnean. Palestinar doinuek eta sokadantzak hartu dute gero plaza.

Palestinaren Astea Fronton jatetxean egingo den afari solidarioarekin amaituko da. Palestinar eta euskal sukaldaritza uztartuko dituzte bertan.

 

Erlazionatuak

Palestina

Tolosaldeko Ataria aza 13, 16:37 Tolosa

Elkartasun sokadantza

Tolosaldeko Ataria aza 14, 18:19 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!