Titirijai txotxongilo jaialdiaren 44. edizioak Ez izan automata lelopean hartuko du Tolosa azaroaren 21etik 29ra. Gogoeta eta pentsamendu kritikoa sustatzea izango du ardatz aurtengo egitarauak, kulturak galderak sortzeko, zalantzan jartzeko eta elkarrizketak pizteko duen gaitasuna aldarrikatuz. Euskal Herriko nahiz Argentinako, Espainiako, Frantziako, Italiako eta Kanadako konpainiak izango dira jaialdian, hogeita bi denera.
Ez izan automata leloaren atzean, asmo artistiko eta sozial bat dagoela kontatu du Ainara Martin Topic-eko zuzendariak. «Proiektuaren abiapuntua Topic-en bilduma bera izan da, bereziki museoko automaten bilduma txikia. Testuinguru soziopolitikoari begiratuta, ohartu ginen askotan esloganak eta ideiak automatikoki errepikatzen direla, horien gainean hausnartu gabe. Hortik sortu zen automaten irudia programazioaren erdigunean jartzeko ideia, eta txotxongiloen munduan ikuspegi kritikoa lantzen duten konpainiak biltzeko asmoa».
Jaialdiaren manifestuak hamar puntu jasotzen ditu, eta horien artean daude pentsatzeko eskubidea aldarrikatzea, errepikatu beharrean interpretatzea, zalantza ezagutza-bide gisa defendatzea eta kultura topagune dela gogoratzea. «Kultura ez da soilik entretenimendua; pentsarazi, elkarrizketak ireki eta eztabaida sortu behar ditu», esan du Martinek.
Tolosako Udaleko kultura zinegotzi Goiuri Ezeizak ere ideia hori nabarmendu du. Titirijai herrian errotutako jaialdia dela eta Tolosaren nortasunaren parte bihurtu dela esan du, baina, 44 edizioren ondoren, urtero ikusmina pizteko eta proposamen berriak egiteko gaitasuna mantentzea ez dela erraza azpimarratu du. Aurten, gainera, jaialdia ohiko esparruetatik harago eramateko ahalegina egin dela nabarmendu du, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin lehen aldiz elkarlanean ariuko baitira.
Gazteengana eta bestelako espazioetara iristeko ahalegina
Publiko gaztea erakartzea da zuzendaritza berriaren erronka nagusietako bat. Martinek azaldu duenez, Topic-ek haur eta familia publiko leiala du, baina hamalau urtetik aurrera ikusle horien jarraipena eten egiten da sarritan. Horri aurre egiteko, proposamen berriak eta gazteen interesetara egokitutako formatuak txertatu dituzte egitarauan.
Azaroaren 21ean, esaterako, Las Hijas de Felipe podcasta egingo dute Topic-en bertan. Moja barrokoen iruditeriatik abiatuta, feminismoa, ahizpatasuna eta berdintasuna lantzen dituzte, eta Titirijairako automata barrokoen inguruko saio berezi bat prestatu dute.
Diziplina artistikoen arteko harremanak ere izango du tokia. Azaroaren 27an eta 28an, Tragoa, errima eta objektua saioak poesia, bertsolaritza eta txotxongiloen mundua elkartuko ditu. Peru Saizprez poetak eta Uxue Alberdi, Amaia Agirre eta Onintza Enbeita bertsolariek gizarte automataren inguruko saioak egingo dituzte, taberna giroko Anbiguan.
Berdintasunaren ikuspegia ere zeharka ez ezik, egitarauko jarduera zehatzetan txertatu dute. Azaroaren 25ean, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailarekin eta Andragorarekin elkarlanean, Melón Pelado antzezlana aurkeztuko dute. Gerraren garaian emakumeei ilea mozten zitzaieneko errepresioa eta zigorra ditu hizpide lanak. Emanaldiaren aurretik, Aranzadiko aditu baten eskutik, emakume horien mapa historikoa ezagutzeko saioa egingo dute, arreta berezia Tolosan jarrita.
Kalitatearen aldeko apustua
Amaia Iriondo Topic-eko produkzio arduradunak azaldu duenez, aurtengo jaialdian aurreko urteetan baino talde gutxiagok hartuko dute parte, baina erabakia ez da ausazkoa izan. «Antolakuntzak kalitatea eta artisten lan baldintzak lehenetsi nahi izan ditu, laneko etikatik abiatutako apustu sendoa eginez».
Egitarauan izen eta proposamen nabarmenak bildu dituztela nabarmendu du: «Dora Cantero izango da horietako bat, Feten jaialdian dramaturgia onenaren saria jasotakoa; Anita Maravillas konpainia, berriz, Ixá lanarekin etorriko da, haur ikuskizun onenaren Max saria eskuratu berritan; Kanadako Snafu konpainiak Epidermis Circus aurkeztuko du hilaren 27an; hitzik gabeko ikuskizuna da, eta Bartzelonako IF jaialdiarekin egindako lankidetzari esker iritsi da Tolosara».
Euskal konpainien artean, Marie de Jonghek Kimu lana aurkeztuko du. Bambalina valentziarrek Goyaren irudia izango dute ardatz, formatu handiko txotxongiloekin. Pepe Seguí artistak, bestalde, Labor ikuskizuna ekarriko du. Automatak agertokian erabiliz, lanaren, kapitalismoaren, kontsumismoaren eta indibidualismoaren inguruko gogoeta poetikoa proposatzen du. Topic-en egoitza artistikoan sortutako Nauta lana ere ikusi ahal izango da hilaren 25ean, ia estreinaldi gisa.
Profesionalen arteko harremanak indartzeko ere egingo dute lan. UNIMA Euskadirekin berreskuratutako lankidetzari esker, txotxongiloen arloko profesionalentzako hiru eguneko tailerra antolatu dute, azaroaren 24tik 26ra. Tabakalerarekin eta Bartzelonako IF jaialdiarekin ere harremanak sendotu dituzte, txotxongiloen lengoaia garaikidea eta berritzailea lantzen duten proposamenak ekartzeko.
Beraz, Titirijairen 44. edizioak txotxongiloen mundua erakusteko ez ezik, ikusleak mugiarazteko eta galderak egitera bultzatzeko gonbita egingo du. Hamar puntuko manifestuak dioen bezala, «herritarrak nahi ditugu, ez automatismoak». Azaroaren 21etik 29ra, Tolosa kulturaren, gogoetaren eta elkarrizketaren topagune izango da.
Talde berritua
Zuzendaritza talde berrituaren lehen edizioa izango da aurtengoa. Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Kepa Goikoetxeak nabarmendu duenez, «oso Titirijai berezia» da antolakuntzarentzat. «Azken urtean lantaldea ia osorik berritu da, lan handia egin da, ilusioz eta helburu argiekin». Eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten teknikari, museo, dokumentazio eta produkzio arduradunei, baita Ainara Martin Topic-eko zuzendariari ere. «Urtebete inguru egin du zuzendaritzan, eta epe horretan plan estrategiko bat diseinatzea, lantaldea eraldatzea eta lan egiteko sistema berria ezartzea izan ditu helburu».
Martinek, berriz, urte gogorra izan dela aitortu arren, lantalde berrituak egindako bidearekin pozik dagoela adierazi du. Lantalde osoari eskerrak eman dizkio egindako lanagatik. Topic fantasia bat izan dela esan du. «Ni kultur kudeatzailea naiz, baina arte mundutik nator, eta nire proiektuak ere badauzkat. Etxe honek bi gauzak uztartzeko aukera ematen du. Fantasia hau aurrera eramateko martxan jarri ditudan proposamenak gorpuztu dira, eta oso polita izan da hori egitea. Pila bat gozatu dut gauzak egiten. Balioa eman behar diozue etxe honi. Baliabideak behar ditu eta ilusioa mantendu behar du, fantasia mantendu behar du, kultura fantasiarik gabe ez baita egiten». Urte bukaeran beste izen bat izango du Tolosako museoko zuzendariak.
TITIRIJAI 2026 – EGITARAUA
Azaroak 21, larunbata
-
11:00, 11:20 eta 11:40 – Txoritxo automatak. TOPICeko arkupeak.
-
12:00 – Automatas barrocos. Las Hijas de Felipe. TOPICeko aretoa.
-
13:00 – Liburu-potea. Las Hijas de Felipe. TOPICeko anbigu.
-
17:00 – Monstruo Rosa. Zum-Zum Teatre (Katalunia). Leidor.
-
20:00 – Cosas que caen del cielo. Dora Cantero (Katalunia). TOPIC.
Azaroak 24, asteartea
- 15:30 – Eromenaren maskarak. Profesionalentzako tailerra. Luana Gramegna (Zaches, Italia), UNIMA Euskal Herriarekin elkarlanean. TOPIC.
Azaroak 25, asteazkena
-
15:30 – Eromenaren maskarak. Profesionalentzako tailerra. TOPIC.
-
18:00 – Melón Pelado. Butaca Zero (Galizia). TOPICeko aurre-muntaiak.
-
20:00 – Cosas que caen del cielo. Dora Cantero (Katalunia). TOPIC.
Azaroak 26, osteguna
-
15:30 – Eromenaren maskarak. Profesionalentzako tailerra. TOPIC.
-
17:30 – WooF. Pere Hosta (Katalunia). Alondegi plaza.
-
18:30 – Los cuentos de Sibylla. Zaches (Italia). TOPICeko aurre-muntaiak.
Azaroak 27, ostirala
-
17:30 – Un hilo cae de mi mano. Antonella D'Ascenzi (Katalunia/Italia). TOPICeko arkupeak.
-
17:30 – Hilos de cambio: tejer la sostenibilidad en el ecosistema teatral. Profesionalentzako jardunaldia. TOPICeko aurre-muntaiak.
-
19:00 – Tu tú es todo lo que quiere mi yo. Peru Saizprez (Peru/Madril). TOPICeko anbigu.
-
20:00 – Epidermic Circus. SNAFU (Kanada). Leidor.
Azaroak 28, larunbata
-
12:00 – Baby Tyler Show. SNAFU (Kanada). Leidor.
-
13:00 – Welcome & Sorry. Ganso&Cía (Euskal Herria). Alondegi plaza.
-
17:30 – El Aviador. Cía. Demien (Argentina). TOPICeko arkupeak.
-
19:00 – Bertso-txotxongiloaren haritik. Uxue Alberdi, Amaia Agirre eta Onintza Enbeita. TOPICeko Anbigua.
-
20:00 – Goya. Bambalina (Valentzia). TOPIC.
Azaroak 29, igandea
-
11:30 – Nuur. La Banda (Euskal Herria). TOPIC.
-
13:00 – El Aviador. Cía. Demien (Argentina). TOPICeko arkupeak.
-
16:30 – Birakolore. Zurrunka & La Semilla Voladora (Euskal Herria). TOPIC.
-
17:30 – Kimu. Marie de Jongh (Euskal Herria). Leidor.
-
18:30 – Labor. Pepe Seguí (Katalunia). TOPIC.
Azaroak 30, astelehena
- 18:00–20:00 – Memoria ilekordatzen. TOPICeko hezkuntza- eta bitartekaritza-taldea eta Andragora. Andragora.