AuzoEkin egitasmoak Tolosako beste hiru eremutan jarraituko du

Tolosaldeko Ataria

Azaroaren 16an, Arramele eremuko bilera irekia izango da, Arrameleko elizan; hilaren 17an, Berazubi, Iurramendi eta Iurre eremukoa, Paper-eskolan; eta 18an, Amarotz, San Blas eta Usabal eremukoa, Auzoetxean.

Tolosako Udalak AuzoEkin egitasmoarekin jarraituko du, herriko auzoen garapen integrala eta orekatua sustatzeko helburuarekin. Iaz abiatutako prozesuari jarraipena emanez, beste hiru eremutako auzotarrekin egingo dute lanketa: Arramele; Berazubi, Iurramendi eta Iurre; eta Amarotz, San Blas eta Usabal.

AuzoEkin egitasmoan zortzi eremutan banatu da Tolosa, eremuetako auzoen egoera eta beharrak modu integralean aztertzeko, eta horren arabera, datozen urteei begira bakoitzaren garapen-plangintza osatzeko. 2025ean lehen lanketa egin zen San Esteban (5. eremua), landa-eremua (1. eremua) eta Bidebieta, Iparragirre eta Izaskun (4. eremua) eremuetan. Orain, prozesua beste hiru eremutara iritsiko da, pixkanaka Tolosa osora zabaldu arte.

Lehen urratsa diagnostikoa izango da. Horretarako, auzotarren parte-hartzearekin, eremu bakoitzaren egoera, beharrak eta erronkak aztertuko dituzte. Lanketa horren abiapuntu izango dira datorren astean egingo diren bilera irekiak:

  • Arramele (8. eremua): azaroaren 16an, 18:00etan, Arrameleko elizan.
  • Berazubi, Iurramendi eta Iurre (3. eremua): azaroaren 17an, 18:00etan, Paper-eskolan.
  • Amarotz, San Blas eta Usabal (2. eremua): azaroaren 18an, 18:00etan, Auzoetxean.

Eremu horietako bizilagunak ez ezik, bertan lan egiten dutenak edo eguneroko jarduna bertan dutenak ere parte hartzera gonbidatzen ditu udalak. Ez dago aurretik izena eman beharrik; nahikoa izango da zuzenean bertara joatea. Saioetan, egitasmoaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta erabaki.tolosa.eus plataforma aurkeztuko dute. Atari horretan, AuzoEkinen eta Tolosako beste parte-hartze prozesu batzuen inguruko informazio eguneratua biltzen da.

Lanketa progresiboa
AuzoEkin egitasmoak hainbat fase izango ditu. Lehenengoan, diagnostikoa egingo da, eremu bakoitzaren egoera eta beharrak ikuspegi integral batetik aztertzeko. Horretarako, hainbat arlo hartuko dira kontuan; besteak beste, espazio publikoa, ingurumena, historia eta kultura, mugikortasuna, ekonomia, ekipamenduak eta zerbitzuak.

Diagnostikoa osatzeko, auzotarren parte-hartzea sustatuko duten hainbat jarduera egingo dira: bilera irekiak, inkestak, lantegiak, ibilaldi gidatuak eta bestelako saioak. Fase hori amaitutakoan, ateratako ondorioak jendaurrean aurkeztuko dira.

Ondoren, eremu bakoitzaren garapenerako lau urteko plana zehaztuko da. Azken fasean, plangintza hori gauzatu, garatu eta haren jarraipena egingo da. Urtez urte, gainera, auzotarrek erabakiko dute auzo bakoitzari dagokion aurrekontuaren barruan zein proiektu lehenetsi.

Herritarrak erdigunean
Udalak esan duenez, AuzoEkin auzoen garapena planifikatzeko egitasmoa da, «baina baita herritarren parte-hartzea indartzeko tresna ere». Prozesuaren fase guztietan izango dute auzotarrek parte hartzeko aukera: hasierako diagnostikotik hasi eta plangintzaren exekuziora arte. Izan ere, auzo bakoitzaren beharrak eta erronkak identifikatzeko ezinbestekoa da bertan bizi, lan egin edo eguneroko jarduna dutenen ekarpena.

Parte-hartze hori sustatzeko eta prozesuen jarraipena errazteko, udalak Erabaki plataforma jarria du martxan (erabaki.tolosa.eus). Bertan, AuzoEkin egitasmoaren zein Tolosako beste parte-hartze prozesuen inguruko informazioa kontsultatu ahal izango da: prozesu bakoitza zein fasetan dagoen eta hurrengo deialdiak eta bestelako berritasunak, besteak beste.

Horrela, herritarrek prozesuaren berri une oro izateko eta parte hartzeko erreferentziazko gune bat sortu nahi da, informazioa, gardentasuna eta elkarlana sustatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!