Tolosako Hirigune Historikoa berpizteko, biziberritzeko eta birgaitzeko epe luzeko ibilbide orria da Alde Zaharreko Plan Integrala. Tolosako Udalaren 2023-2027 Agintaldi Planean jasotakoari jarraikiz, estrategia integrala da plana, partaidetzan oinarritutakoa, eta, besteak beste, etxebizitza, ondarea, elkarbizitza eta erabilera aniztasuna sustatzea du helburu.
Ildo horretan, Alde Zaharreko eta Rondilla-Belateko hainbat eragilerekin 2024an osatu zen diagnostikoan oinarritzen da. Orduan, eremuaren lehen azterketa bat idatzi zen, bederatzi gairen inguruan antolatuta, eta orain lan hori egungo datuekin eguneratuko eta osatuko da. Horretarako, kontraste-saioa egingo da auzoko eragileekin aste honetan.
Auzotarren eskaritik sortua da plana, eta Alde Zaharreko eragileen eta udalaren arteko adostasunez ari da gauzatzen. 2030 urtea jomugan jarrita, Alde Zaharrarentzat etorkizuneko ikuspegi bat ezarriko du planak, ekintza zehatzekin, eta prozesuaren azken fasean, ikuspegi horretara iristeko epe labur, ertain eta luzeko jarduerak zehaztuko dira, gaika: ingurumena, hiri-espazioa eta mugikortasuna, ekonomia, enplegua eta merkataritza, bizitza eta bizikidetza komunitarioa, etxebizitza, ondarea eta paisaia, eta gobernantza eta parte-hartzea.
Plan Integralaren parte-hartze prozesua urte amaieraren eta 2027ko erdiaren artean egingo dute. Lehen gizarte topaketak 2027ko hasieran egingo dituzte. Parte-hartze espazio bakoitza prozesuaren fase ezberdinekin lotuta egongo da, eta eragile sozialak, teknikoak eta politikoak bilduko ditu: hala, batetik, eragile nagusiekin kontraste saioak egingo dituzte, eta bestetik, herritar guztiei zuzendutako saio irekia ere egingo da. Prozesua jarraitzeko aukera dago erabaki.tolosa.eus atarian.