A11 Greba Orokorra

Tolosako udal zerbitzuak bertan behera izango dira bihar, greba orokorra dela eta

Tolosaldeko Ataria

Udal eraikin gehienak itxita izango dira bihar, eta ez da ohiko arreta zerbitzurik emango Udaten, gizarte zerbitzuen bulegoan, Emeterio Arresen, kultur etxean, euskaltegian, Andragora Emakumeen Etxean, Aranburu jauregian, Gorosabel eraikinean eta haur liburutegian.

Tolosako Udaleko langileen batzordeak eta udal gobernuak bat egin dute biharko deitutako greba orokorrarekin. Hori dela eta, udal eraikin gehienak itxita izango dira, eta ez da ohiko arreta-zerbitzurik emango Udaten, gizarte zerbitzuen bulegoan, Emeterio Arresen, kultur etxean, euskaltegian, Andragora Emakumeen Etxean, Aranburu jauregian, Gorosabel eraikinean eta haur liburutegian.

Udalak kontratatutako gainerako zerbitzuen kasuan, enpresa bakoitzeko langile batzordeak erabakitakoaren araberakoa izango da zerbitzuaren funtzionamendua. Kirol instalazioen kasuan, Uzturpe, Beotibar frontoia, Usabal kiroldegia eta Berazubi estadioa itxita egongo dira.

Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak bermatuko dira Udaltzaingoan, gizarte zerbitzuetatik bideratutako arreta zerbitzuetan eta dagokion udal eraikinetako harreran. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan, indarrean ezarritako gutxieneko zerbitzuak emango dira.

Garraio publikoari dagokionez, greba egunerako zehaztutako gutxieneko zerbitzuak izango dira indarrean. Hiribusa eta gainerako garraio zerbitzuak gutxieneko zerbitzu horien arabera ibiliko dira.

Udalak herritarrei aldez aurretik kontsultatzea gomendatzen die, greba dela eta udal zerbitzuetan eta garraio publikoan izango diren aldaketak kontuan hartzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!